Mendi Film Elkartearen 2025. urteko eskaintzak 22.300 ikusle izan ditu guztira, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 18. edizioa eta Mendi Tour ziklo ibiltaria kontuan izanda. "Urte borobila" izan da elkartearentzat, azken sei urteetako bigarren datu onenarekin.
Mendi Film Elkartetik jakinarazi dutenez, hamar egunez, Euskalduna Bilbao jauregia jaialdiaren kanpaleku nagusia izan da berriro, eta 8.300 ikusle bildu dira zinema saioez, erakusketez, hitzaldiez eta tailerrez gozatzera.
Nazioarteko 55 film programatu dira guztira 25 emanalditan, eta hainbat izan dira beren lanak bertatik bertara aurkeztu dituzten zuzendari eta ekoizleak, besteak beste, Ben Sturgulewski, Katie Stjernholm, Boris Peters, Berne Broudy, Chantal Caron, Lisette Wansink, Javier Alvaro, Isabel Diaz Novo edo Rodolfo Montero.
Euskal mendi zinemagintza ere "oso indartsu" dagoela nabarmendu dute antolatzaileek, aurtengo hamabi sari nagusietatik lau euskal zinemagileek irabazi izanak erakusten duenez: Nagore Eceiza, Luis Arrieta, Julen Elorza eta Mikel Urdangarin.
Mendi Tour ziklo ibiltariak ere "eragin zuzena" izan du 2025eko balantzean, eta 14.000 ikuslek gozatu dute aurten jaialdiaren 2024ko edizioko filmen eskaintza ibiltariaz
Gainera, jaialdian estreinatu eta aurkeztu dituzte beren lanak Gorka Ipiñazar, Haizea Huegun, Jesus Mari Lazkano, Ibon Gaztañazpi, Jon Mendizabal, Alfonso Garcia, Iñigo Lamana, Unai Jaureguibeitia eta Jon Herranzek.
Mendi zinemaldi garrantzitsuetako ordezkariek ere parte hartu dute jaialdian: Mountainfilm Telluride (AEB), Ulju (Hego Korea), Echo mountain festival (Macedonia), Krakow mountain festival (Polonia), eta Les Quais de l'Aventure Bordeaux (Frantzia).
Mendi Tour ziklo ibiltariak ere "eragin zuzena" izan du 2025eko balantzean, eta 14.000 ikuslek gozatu dute aurten jaialdiaren 2024ko edizioko filmen eskaintza ibiltariaz.
Urtean zehar 49 egoitza izan ditu, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Kantabrian, Asturiasen, Galizian, Gaztela eta Leonen, Madrilen, Valentzian, Katalunian eta Kanaria Handian, eta 87 zine saio eskaini dira.
Orain, 2026ko Mendi Tour lantzen ari dira, urtarrilean abiatuko baita zirkuitua, mendiko film onenak ikusteko aukera eskainiz hainbat tokitan.