Taupa Mugimenduak Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituaren 23. edizioa antolatuko du 2026ko martxoaren 1etik 29ra bitartean, eta lanak bidaltzeko epea zabaldu du urtarrilaren 15era arte.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beren lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.

23 urteotan "bide arrakastatsua" egin du Laburbirak eta "euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala" bihurtu da, "zinema ekoiztea izatez baita jarduera zail eta garestia eta, ondorioz, film laburren sorkuntza da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukaten modu bakarra".

Zentzu honetan, Laburbirak "berebiziko garrantzia" du autoreei eta beren lanei ikusgarritasuna emateko orduan, eta, "zirkuitu egonkor eta zabala eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du". 2024ko edizioan, esaterako, 54 herritan antolatu ziren proiekzioak.

Badas, 2026ko Laburbira martxoaren 1etik 29ra bitartean egingo da eta bertara aurkeztu nahi duten sortzaileek urtarrilaren 15era arteko epea dute lanak aurkeztu eta izena emateko.

Laburbiran parte hartzeko film laburrak euskaraz egindakoak, 2025ean ekoitziak eta 25 minututik beherakoak izan behar dira. Izen-ematea Laburbiraren webgunean egin behar da: https://laburbira.taupamugimendua.eus/

Urtarrilaren azken astean aukeratuko dira Laburbira zirkuituaren 23. edizioan herriz herri eskainiko diren film laburrak. Hautaketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan, hala nola publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka, sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna, genero ikuspegia edota filmen bestelako ezaugarriak (euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak).

Tauparen helburuetako bat da euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza eta zabalkundea sustatzea eta helburu horri bete-betean erantzuten dio Laburbirak. Sortzaileei baliabideak eskaini eta bere lanen hedapena bermatzeko formulak eskaintzen dizkie herriz herri antolatzen den zirkuituaren bitartez, askorentzat bere lehen aukera dena eskainiz.

Ikusleei ere eukaraz ekoiztutako lanak ezagutzeko eta sortzaile berriak ezagutzeko parada ematen die, kultur sorkuntza eta kontsumoa eragiletzarako bide gisa proposatuz.