Donostia Gazteria udal erakundeak Gabonak Zuretzat programa diseinatu du aisialdiko eta denbora libreko elkarte eta taldeekin, Donostia Kulturarekin eta hiriko beste eragile batzuekin, eta ehunka jareduera eskainiko ditu haur, familia eta gazteentzat hiriko 16 auzotan.
Horrela, aukezpenean azaldu dutenez, herritarrek askotariko tailer, ikuskizun eta antzezlanez gozatu ahal izango dute abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitartean.
Iñigo Garcia Villanueva Donostiako Udaleko Gazteria zinegotziak adierazi duenez, "Donostiako Gabonak topaketa, sormen eta dibertsio partekatuko garaia izatea nahi dugu. 'Gabonak Zuretzat' txikienek eta gazteek beraientzat, beren auzoan eta beren jendearekin pentsatutako jarduerez gozatzeko aukera paregabea da, elkartasuna, laguntasuna eta irudimena bezalako balioak sustatuz".
Bada, adingabeek aisialdia modu dibertigarrian hartzea eta ohitura onak hartzea lortu nahi da, "Gabonak kontsumistak ez diren klabeetan gozatuz". Helburu horiek ikasteko eta sorkuntza eta bizikidetza bezalako balioak garatzeko aukerarekin osatuko dira.
'Gabonak Zuretzat' programak eskaintza ludiko eta kultural zabala eskainiko du, eta bi liburuxkatan bildu da, adin tarteen arabera banatuta: 'Haurrak', haurrentzako (0-11 urte) eta familientzako jarduerekin, eta 'Gazteak', gazteentzako proposamenekin (12-30 urte).
Bi liburuxkak sarean aurki daitezke: https://labur.eus/Gabonakzuretzathaurrak eta https://labur.eus/GabonakzuretzatGazteak. Gainera, 'Haurrak' liburuxka doan banatu da haur eta lehen hezkuntzako ikasleen artean eta hiriko gune estrategikoetan.
Horrela, 'Gabonak Zuretzat' programazioaren barruan, tailerrak, ikuskizunak, kirol eta kultur jarduerak, bisita gidatuak eta proposamen berritzaileak (robotika, errealitate birtuala edo familiako txangoak) daude.
Gainera, aurten bi kirol instalazio berri aurkezteko ekitaldi bereziak egingo dira, Auzoko Ahotsak haurren parte hartzerako elkarteak bultzatuta: Bidebietako kalistenia gunea eta Herrerako teqball mahaia.