Gazte Talent talde eta bakarlari gazteen 11. lehiaketaren irabazleak Dirdaia eta Makriba talde arabarrak izan dira. Lehenak Laboral Kutxa Gazte Talent saria jaso du, 25-35 urteko kategoriari dagokiona. Bigarrenak, berriz, Gazte Talent saria jaso du. Euskarazko talde onenaren accesita Nunentzat izan da, eta emakumezkoen presentzia duen talde onenarena Deus Ezentzat.

Jasotako 41 proposamenetatik, aukeraketa-batzordeak Dalton & Co, Dirdaia, Deriba, Deus Ez, Nun eta Makriba taldeak aukeratu zituen finalerako. Aurtengo edizioan 27 proposamen aurkeztu dira 14 eta 24 urte bitartekoen kategorian, eta 14 proposamen 25 eta 35 urte bitartekoen kategorian.

Finalak abenduaren 8an eta 9an izan ziren, arratsaldez, Jimmy Jazz aretoan, Sara Alonso aurkezleak dinamizatuta. Bertan izan zen Jorge González musikari, kazetari musikal eta managerrak, Irantzu Martinitz-Xil musikologo eta musika-irakasleak eta Xabier Arratibel musikari eta argiztapeneko teknikariak osatutako epaimahaia. Epaimahaiaren epaia publiko gisa kontzertuetara joandakoek emandako botoarekin osatu zen. Hala, herri-bozketa bidez egindako boto kopurua zenbatuta, Dalton& Co taldea izan zen irabazlea abenduaren 8an, eta Makriba taldea abenduaren 9an.

Talde irabazle bakoitzak, hau da, Dirdaiak eta Makribak, 1000 € jasoko dituzte eta Andre Maria Zuriaren jaien barruan Falerina Lorategiko programazioan jotzeko aukera izango dute (ordainsaria jasota). Accesiten kasuan, 500 € jasoko ditu talde bakoitzak, eta Gazte Plaza ekimenean eta Araba Euskarazen jotzeko aukera izango dute, Nun bandaren kasuan (euskarazko ataleko accesita), eta Armentiako zelaietan, Arabako Foru Aldundiak antolatutako San Prudentzio jaietan, Deus Ez taldeak (emakumezkoen presentzia dutenen ataleko accesita).

Baina are gehiago dago. Izan ere, datozen asteetan, Jimmy Jazzeko talde teknikoak erabakiko du zer taldek izango duen aretoan antolatutako musika-egonaldia egiteko aukera. Egitasmo horren helburua da kontzeptu teknikoak eta ekoizpenekoak finkatzea.