Sute batek LEA Gasteizko enpresa historikoaren Arriagako instalazioak erabat suntsitu eta ia sei hilabetera, GILSAko Administrazio Kontseiluak aho batez onartu du gaur enpresa Jundizen berreraikitzea ahalbidetuko duen operazioa.
Alderdi politiko guztietako (PSE-EE, EAJ-PNV, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos) sailburuen eta Sprilurren aldeko botoei esker, hiru lursail esleitu ahal izan zaizkio LEAri, Jundizko 21. sektorean, 45.000 metro karratu inguruko ekoizpen-azalerarekin. Eragiketa hori lurren truke gisa planteatu da, eta hala, GILSAk 6 milioi eurotik gorako balioa duten hiru orubeak (BEZa barne) eskualdatuko ditu eta beste 5,7 milioi gehiago ordaindu (BEZa barne), lehen enpresa zegoen Arriagako lursailen jabetzaren % 46,8ren truke.
GILSAren Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiarekin, LEAk lantegi modernoago, jasangarriago eta berritzaileago bat eraikitzen hasi ahal izango du datozen hilabeteetan.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Gasteizko Udalaren beste gai batzuekin jarraituz, Bizikletaren aldeko Hirien Sareak berrikuntzaren kategorian saritu du Vitoria-Gasteiz, Ingurumen Gaietarako Ikastegiak, IGI, bultzatutako hiriko familien artean kargako bizikleta elektrikoen erabilera sustatzeko proiektu pilotuagatik. Saria entregatu dute Madrilen, eta bertan izan da Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzia.
Bizikletaren aldeko Hirien Sarean sartu zen 2022an Gasteiz. Elkarte horrek bizikleta bidezko mugikortasunarekin konprometitutako toki-erakundeak biltzen ditu, eta bizikleta bidezko zirkulazioa errazteko, seguruagoa egiteko eta garatzeko politikak bultzatzen ditu. Aitortza hori, hain zuzen ere, Gasteizko hiriburuak garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa bizikletaren alde egindako apustuaren adibiderik argienetako bat da.