Donostiako Udalak lehen urratsetako bat eman du astearte honetan Osasunaren Mundu Erakudnearen (OME) Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen III. Munduko Biltzarraren egoitza gisa parte hartzeko. Topaketa 2026ko ekainaren 16an, 17an eta 18an egingo da.
Hain zuzen, Donostiako Udalaren, Imsersoren (biltzarraren antolatzailea), Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko Jarduera Protokolo Orokorra onartu du udal gobernuak, biltzarra antolatzeko lankidetzara bideratua.
Hitzordua 'Elkarrekin eraldatuz! Adinekoekin Lagunkoia Den Mundua - Konektatua, Bidezkoa eta Jasangarria Belaunaldi Guztientzat' lelopean egingo da.
Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, "Donostia mundu mailako kongresu honen egoitza aukeratzea ez da kasualitate hutsa, udal honek adinekoen zaintzan eta arretan erreferente izateko egin duen ahalegina aitortzea baizik".
"Izan ere, gure hiriak urteak daramatza lanean biztanleriaren zahartzearen erronkari aurre egiteko, eta prozesu hori guztia laguntzen du, gure aitona-amonek bizitza bete bat bizitzeko behar duten laguntza guztia izan dezaten, beren ingurunean ahalik eta denbora gehien eta modurik onenean mantenduz", azaldu du.
Bere iritziz, Donostiak lehen mailako biltzarrak antolatzeko eta ezagutza erakartzeko duen gaitasunaren aitorpena ere bada, "sektore honetan kokapen estrategikoa izateko egin den lanari esker, hiriaren potentziala eta erakargarritasuna aprobetxatuz".
BILTZARRA
Biltzarra Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Sareak sustatutako jardueren parte da. Sare hori OMEk sustatu zuen 2010ean, biztanleriaren zahartze azkarrari erantzuteko, eta helburua mundu osoko hiriak, komunitateak eta erakundeak lotzea da, beren ingurunea duintasunez eta kalitatez zahartzeko leku hobea izateko ikuspegi komunarekin.
Donostia izan zen sare horri atxiki zitzaion Espainiako Estatuko lehen hiria, eta, harrezkero, Donostia Lagunkoia plana garatu eta Dublingo Adierazpena sinatu du, zeharkako udal estrategia sendotuz zahartzen ari den gizarte batean, adin guztietarako Donostia bat eraikitzeak planteatzen dituen erronkei eta aukerei modu integratuan heltzeko.