Hezkuntza Sailak urrats berri bat eman du STEAM bokazioak sustatzeko, hau da, zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin, arteekin eta matematikarekin (Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics) lotutako prestakuntza-ibilbideak sustatzeko.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak onartu du Gobernu Kontseiluan Euskadiko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzen deialdia arautzen duen agindua. 350.000 euro bideratuko dira STEAM eremuan hezkuntza berrikuntzarako proiektuak garatzera. Horrela, Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika osatzen duten irakaskuntzak, arteekin eta humanitateekin lotuta, Euskadiko ikasle guztiei, batez ere neskei, hurbiltzeko apustuari eusten dio, lanbide-eremu horretan genero-arrakala murrizteko helburuarekin.

Hezkuntza Sailaren irizpide hori bat dator UNESCOren Science Education programarekin. Horren arabera, zientzia eta teknologian gaitzea funtsezko elementua da herrialde baten garapen ekonomiko eta sozialerako. Alde horretatik, funtsezkotzat jotzen du zientzia- eta teknologia-hezkuntza sustatzea hezkuntza-maila guztietan, eta gizarte osoaren alfabetatze zientifikoa hobetzea.

Laguntza horiei esker, 2024-2025 ikasturtean 95 eskaera onartu ziren guztira, eta 268.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izan zen horiek garatzeko.

Gai hau lotuta dago Gobernu Programaren 25. konpromisoarekin, “Erronka berriei heltzeko curriculuma” izenekoarekin, eta 22. ekimenarekin, “STEAM bokazioak sustatzeko ekimen berriak txertatzeari” buruzkoarekin.