Bizikletaren aldeko Espainiako Hirien Sareak Gasteizko Udala saritu du berrikuntzaren kategorian, hiriko familien artean kargako bizikleta elektrikoen erabilera sustatzeko Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren proiektu pilotuagatik.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, saria ostegunean banatu zen Madrilen, eta bertan izan zen Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzia.

Gasteiz 2022an sartu zen Bizikletaren aldeko Espainiako Hirien. Elkarteak bizikleta bidezko mugikortasunarekin konprometitutako Estatuko toki erakundeak biltzen ditu, eta bizikleta bidezko zirkulazioa errazteko, seguruagoa egiteko eta garatzeko politikak bultzatzen ditu.

Saritutako Gasteizko Udalaren proiektua haurrak eta objektuak garraiatzeko egokitutako kargako bizikleta elektrikoak doan mailegatzeko zerbitzua da, eta familia unitateei zuzenduta dago, bereziki adingabeak ardurapean dituztenei eta mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa dutenei.

Hautatutako familiek mugikortasun seguruari buruzko prestakuntza espezifikoa jasotzen dute, bizikleta erregulartasunez erabiltzen dute hilabete eta erdiko probaldian eta, ondoren, esperientzia ebaluatzeko inkesta betetzen dute.

Gasteizko Udalaren arabera, herritarren erantzuna "oso positiboa" izan da: 235 familiak agertu dute parte hartzeko interesa, eta deialdiak izandako arrakasta ikusita, aurreikusitako txanda kopurua 16tik 24ra handitu da.

Programari esker, familia askok praktikan egiaztatu ahal izan du kargako bizikletak ibilgailu motordunaren alternatiba erreala direla eguneroko joan-etorrietan, eta horrek bizitzeko atseginagoa, osasungarriagoa eta pertsona guztiak aintzat hartuta pentsatuta dagoen hiria sortzen laguntzen duela.

Hiriko bizikleta politikekin lotuta sariak duen balioa azpimarratu du Artolazabalek: "Sari hau aspalditik egiten ari garen lanari emandako bultzada da, urteak baitaramatzagu bizikleta familientzat ere aukera erosoa eta segurua izan dadin lanean".

"Kontua ez da bidegorri sare ona izatea bakarrik; eguneroko joan-etorrietarako, haurrak eskolara eramateko, mandatuak egiteko edo auzoan autorik gabe mugitzeko benetako irtenbideak eskaintzea da helburua", gaineratu du.