Síguenos en redes sociales:

Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza azoken 2026ko gida argitaratu dute

Gidaren bidez, Jaurlaritzak tokiko produktua, jasangarritasuna eta landa dinamismoa sustatzeko konpromisoa berretsi nahi du, eta herritarrek kontsumo arduratsuaren bidez duten egitekoan jartzen du arreta

Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza azoken 2026ko gida argitaratu duteUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Hazi Fundazioak Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza azoken 2026ko gida argitaratu dute. Lehen sektoreak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten duen azoka jarduera biltzen eta antolatzen du argitalpenak, bisitarientzako eta parte hartzaileentzako informazio praktikoarekin.

Ekoizleentzako, tokiko administrazioentzako eta herritarrentzako erreferentzia gisa finkatu da gida, "400 azoka baino gehiago programatuta dauden urte batean", bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Argitalpenak gonbidatzen du "Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzari eusten diotenen lana azokaz azoka ezagutzera, horiek baitira euskal lehen sektorearen etorkizuna bermatzen dutenak".

Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak azpimarratu du gidarekin Euskadiko lehen sektoreko azoken balio kultural, ekonomiko eta soziala nabarmentzen direla.

"Urtean zehar egiten diren nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako 400 azoka baino gehiago aukera paregabea dira gure lurraldeak eskaintzen digun guztia gertutik bizitzeko, belaunaldien arteko topagunea eta etorkizunaren aldeko apustu partekatua", ziurtatu du.

Gidaren bidez, Jaurlaritzak tokiko produktua, jasangarritasuna eta landa dinamismoa sustatzeko konpromisoa berretsi nahi du, eta herritarrek kontsumo arduratsuaren bidez duten egitekoan jartzen du arreta.

"Bertako produktu fresko eta hurbilekoa aukeratzen dugunean, produktu hori ekoizten dutenei laguntza zuzena ematen ari gara, ahalegin horrek jarraipena izan dezan. Erosketa bakoitzaren bidez, landa inguruneari bizia ematen, ingurumena babesten eta kalitatezko elikagaiak ziurtatzen laguntzen dugu", esan du Barredok.

Euskadiko 2026ko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza azoken gida eskuragarri dago formatu digitalean www.euskadi.eus/azokak web orrian, eta datozen asteetan eskualde bulegoetan, elkarteetan, erakundeetan eta administrazioetan banatuko da.