14 eta 35 urte bitarteko arabar gazteei zuzendutako Gazte Talent talde eta bakarlari berrien lehiaketaren XI. edizioak baditu finalistak. 41 proposamenen artean, hautaketa-batzordeak sei banda aukeratu ditu: Dalton & Co, Dirdaia eta Deriba, 25-35 urte artekoen kategorian, eta Deus Ez, Nun eta Makriba, 14-24 años urte artekoetan. Lehenengo hirurek abenduaren 8an joko dute Jimmy Jazz aretoan, eta gainerakoek hilaren 9an. Aretoko ateak 18:30ean irekiko dira eta kontzertuak 19:00etan hasiko dira. Sarrera librea izango da tokia bete arte.

Abenduak 8, ‘Laboral Kutxa Gazte Talent Saria’

Lehenik eta behin, ‘Laboral Kutxa Gazte Talent Saria’ irabazteko hautagai izango diren taldeak arituko dira. Kideek 25 eta 35 urte bitarte dituzte. Abenduaren 8an, astelehena, talde hauen musika izango da entzungai: Dalton & Co, Dirdaia eta Deriba:

  • Dalton & Co: Mikel eta Aitor umetatik elkarrekin jotzen duten bi lagun dira. Gustuko dituzten banden bertsio akustikoak egiten dituzte, bi ahotsetan eta bi gitarratan. Kantu originalak konposatzen hasi dira, besteak beste, Mako eta Eolo.
  • Dirdaia: Gasteizko euskarazko rock alternatiboko hirukotea, potentzia, pasarte melodikoak eta puntu esperimentala uztartzen dituena. Proiektuak genero askotako bandetan kideek aurrez izandako ibilbideetako eraginak biltzen ditu: besteak beste, Twin Rebels, The Brewgrass Society edo Bele Zuriak. ‘Printzak’ izeneko lehen disko autoekoitzia grabatzen ari dira.
  • Deriba: Amurrio eta Urduñako 4 gaztek 2024an osatutako rock taldea. Laukoteak egungo gizartearen arazo nagusiak islatu nahi ditu bere hitzetan, soinu propioa bilatuz. 2025ean kaleratu zituzten lehen 4 abestiak, eta une honetan 2026aren hasieran kaleratuko duten disko berria prestatzen ari dira.

Abenduak 9, ‘Gazte Talent Saria’

Bigarren txandan abenduaren 9an izango da, asteartean, eta 14 eta 24 urte bitarteko Deus Ez, Nun eta Makriba taldeen musika izango da protagonista.

  •  Deus Ez: 2024an Errekaleorreko janari-denda zaharrean (orain entsegu lokal bihurtu da) sortutako rock alternatiboko banda. The Pixies, Sonic Youth, Belako eta Idles dira haien influentziak. Abestiak euskaraz idazten dituzte eta ingelesetik euskarara ekarri nahi dute jotzera animatu zituzten taldeen estiloa.
  • Nun: mitologia eta gaurkotasuna euskarazko pop-rock musikarekin nahasten dituen Gasteizko musika-proiektua. Bi urtez bakarlari izan ondoren, Nun bandarekin itzuli da eta, orain, bere lehen formatuetakoa baino askoz ere formatu instrumentalagoa aurkeztu du.
  • Makriba: lau lagunek osatzen dute Gasteizko rock taldea. Gitarra eta koruak nabarmentzen dira Covid garaian sortu zen eta The Cure edo Itoiz bezalako taldeen soinuak bilatzen dituen banda honetan.

Emanaldien eta sarien balorazioa

Zuzeneko kontzertuetan, musika-industriako profesionalek osatutako epaimahaia egongo da, emanaldiak baloratzeko. Bestalde, kontzertura hurbiltzen diren pertsonek parte hartze kuota bat izango dute, haien botoaren bidez. Kuota hori epaimahaiaren erabakiarekiko % 10ekoa izango da. Epaimahaiaren erabakia zuzeneko kontzertuen ondorengo egunetan jakinaraziko da.

Irabazleek 1.000 euroko saria jasoko dute kategoria bakoitzeko, eta Gazte Plaza eta Araba Euskaraz ekitaldietan, Armentiako zelaietan, Arabako Foru Aldundiak antolatutako San Prudentzio jaietan eta Falerinako Lorategiko programazioan Andre Maria Zuriaren jaietan ordainsariaren truke jotzeko aukera izango dute.

Gainera, bi akzesit izango dira: euskarazko talderik onenari eta emakumezkoen presentzia duen talderik onenari emandakoak. Kasu horietan, 500 euro eta ekitaldi horietan jarduteko aukera jasoko dituzte. Era berean, epaimahaiak talde bat aukeratuko du, eta Jimmy Jazz aretoan egonaldia egiteko aukera izango du hainbat egunez, kontzeptu teknikoak eta ekoizpen arlokoak sendotu ahal izateko.

Era berean, finalista diren talde eta bakarlari guztiek 200 euroko saria jasoko dute zuzeneko emanaldietan parte hartzeagatik.

Gazte Talent Sortzen kultur sorkuntzaren programaren barruko lehiaketa da, eta Gazteria eta Kulturako Udal Zerbitzuek antolatzen dute, Jimmy Jazz elkartearekin batera. Gainera, Arabako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Araba Euskarazen laguntza jasotzen du. Bere ibilbidean zehar, ekimen honek dagoeneko ospe handia lortu duten talde eta bakarlariak saritu ditu: Montauk, Trikoma edo Annekdotas, besteak beste.