Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostiral honetan, azaroaren 28an, eguraldia atsegina izango da, eta goizean ostarte zabalak irekiko dira.
Hala, bertatik azpimarratu duten bezala, egunsentiko behe-lainoa desegin ostean, urdingune politak irekiko dira. Arabako zonalde batzuetan, ordea, bereziki Arabako Lautadan, baliteke behe-lainoa iraunkorra izatea eta ondorioz eguna iluna eta hotza izatea. Gainerako lekuetan, arratsaldean hodeiak ugarituko dira, baina ez dute bestelako ondoriorik ekarriko.
Tenperaturak apur bat gora egin dezake, hego ukitua izango duen haizearen ondorioz. Hiriburuetan, Baionan 6 gradu espero dira gutxienez eta 14 gehienez, Bilbon 8 gutxienez eta 15 gehienez, Donostian 7 gutxienez eta 14 gehienez, Gasteizen 4 gutxienez eta 10 gehienez eta Iruñean 4 gutxienez eta 13 gehienez.
BESTE DATU BATZUK
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, itsasbazterrean norabide aldakorreko haizea ibiliko da 2ko indarrarekin eta 3ko tarteekin; egunaren lehenengo partean eta arratsalde-gauean hego-osagaia nagusituko da, eta egunaren erdiko orduetan ipar-osagaia 3ko indarrarekin. Itsaso kizkurra izango da, itsaskirriko guneekin.
Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu, eta egunean zehar handituz joango eta gauean 2 metrokoak izango dira. Itsasgorak 10:02an eta 22:52an izango dira, eta itsasbehereak 03:37an eta 16:24an. Uraren tenperatura 16 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da, ondorioztatu dute Euskalmetetik.