Elurra kentzeko 215 makina, ibilgailu astunak erretiratzeko zazpi garabi eta 130 laguntza ibilgailu izango dira negu honetan Eusko Jaurlaritzak prestaturiko Neguko Bidezaintza Planean.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, hainbat erakundek eta autobideen emakidadunek modu koordinatuan parte hartu dute dokumentua egiteko eta garatzeko, eta beren baliabideak mobilizatuko dituzte, iragarpen meteorologikoen eta horiek Euskadiko errepideetan izan dezaketen eraginaren arabera.

Neguko Bidezaintza Plana koordinazio tresna bat da, eta jarraipen eta informazio fasean aktibatuko da elur kota 1.000 metrotik bekera kokatzen denean, eta fase operatiboan 700 metrotik jaisten denean eta prezipitazio kopuruak zirkulazioa zaildu dezakeenean.

Horrela, 2025-2026ko Neguko Bidezaintza Planak iazko baliabide kopuru berari eusten dio. Elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 215 makina izango dira prest, bai eta tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu ere.

Ertzaintzaren trafikoko lurralde unitateetako patruilak batu behar zaizkie horiei, eta patruila kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin indartu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da 2025-2026ko negurako 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun izatea.

Jarraipen eta informazio fasea hiru aldiz aktibatu zen iazko neguan, 2023-2024koan baino bi gutxiago; fase operatiboa, berriz, hiru horietako bitan aktibatu zen, 2022-2023ko neguan bezala.

Orain arte inoiz erregistratu den aktibazio operatiboen kopururik txikiena izan zen; nabarmentzekoa da 2017-2018an 17 aktibazio erregistratu zirela, eta horietako 10etan fase operatiboa aktibatu behar izan zela.

Azken urteetan Euskadin erregistratu diren neguko gertakarien kopuruak beheranzko joera duela baieztatu zen aurreko neguan, ez baitzen beharrezkoa izan Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoa deitzea aldi osoan; 2017-2018ko kanpainan, adibidez, organo hori bost aldiz bildu zen krisi mahaian.