Síguenos en redes sociales:

Fekorrek garbiketa profesionaleko ikastaroa antolatu du urriaren 7tik abenduaren 19ra Trapagaranen

Ikastaroak 265 orduko iraupena izango du

Fekorrek garbiketa profesionaleko ikastaroa antolatu du urriaren 7tik abenduaren 19ra TrapagaranenUtzitakoa

Fekoor Desgaitasun Fisikoa edota Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak garbiketa industrialeko prestakuntza ibilbide bat antolatu du urriaren 7tik abenduaren 19ra bitartean Trapagaranen, desgaitasun fisikoa edota organikoa duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak bultzatutako Lanberri programaren barruan dago, eta Fondo Formación Euskadi erakundearen lankidetza du.

Fekoorretik jakinarazi dutenez, ikastaroak 265 orduko iraupena izango du eta parte hartzaileek 'SSCM0108: Eraikinetako eta lokalen gainazalen eta altzarien garbiketa' profesionaltasun ziurtagiria lortu ahal izango dute, Espainiako Estatuan balio ofiziala duena. Ikuspegi ekologiko eta jasangarri batetik emango da, hondakinen tratamenduan eta garbiketa produktuen erabileran arreta berezia jarriz.

Horrez gain, ikastaroak 80 orduko praktikak eskainiko ditu enpresetan, parte hartzaileek ikasitakoa benetako lan ingurune batean aplika dezaten. Sektorean esperientzia egiaztatua duten pertsonek ez dute praktikak egin beharko.

Banakako eta taldeko orientazioa, genero berdintasunari buruzko prestakuntza eta gizarte trebetasunetan gaitasuna ere jasotzen ditu prestakuntza ekimenak, enplegagarritasuna indartzeko funtsezko elementuak baitira.

Fekoorren helburu nagusietako bat parte hartzaileen lan inklusioa erraztea da, eta, horregatik, sektoreko enpresekin bitartekaritza aktiboa egingo da, kalitatezko eta jasangarriak izango diren enplegu aukerak sortzeko, pertsona bakoitzaren bilaketa prozesua gertutik lagunduz.

Bada, ikastaroa urriaren 7tik abenduaren 19ra izango da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, Fondo Formación Euskadi erakundearen egoitzan, Trapagaranen. 15 plaza daude, %33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortua duten pertsonentzat, ezintasun iraunkor osoaren ziurtagiria dutenentzat eta denbora luzez langabezian daudenetzat (12 hilabete baino gehiago).

Ikastaroa doakoa da, eta interesdunek izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko aukera dute Fekorren bidez, 944 753 059 eta 944 758 202 telefonoetan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.