Síguenos en redes sociales:

Klasikoak zikloak 14 film emango ditu urritik abendura Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donibane Lohizunen

Zikloa Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan garatzen da

Klasikoak zikloak 14 film emango ditu urritik abendura Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donibane LohizunenUtzitakoa

Euskadiko Filmategiak sustatutako Klasikoak programak 14 film eskainiko ditu urritik abendura bitartean Donostian (Tabakalera), Bilbon (Bizkaia Aretoa), Gasteizen (Artium Museoa), Iruñean (Golem Baiona) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect).

Zikloa Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan garatzen da, eta irailean hasi zen Lillian Hellman zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin eta Klasikoak sailarekin. Biak ala biak Zinemaldiaren egunetan izaten dira, eta, zinemagintzaren historiako film bikainak deskubritzera edo berrikusten jarraitzera gonbidatuko du urteko azken hiruhilekoan, Euskadio Filmategitik jakinarazi dutenez.

Zikloa asteazkenean hasiko da, urriaren 1ean, Gasteizen, Notorius filmarekin (Alfred Hitchcock, 1946). Ingrid Bergman eta Cary Grant dira protagonistak, eta Luis Alegre kazetari, idazle eta unibertsitate irakasleak aurkeztuko du Donostian eta Bilbon antolaturiko saioetan.

Jarraian, beste hiru film emango dira: Ohayo (1959), Yasujiro Ozu zuzendariaren azken etapako lan bat; The Party (Blake Edwards, 1968) komedia ezaguna, Peter Sellers aktorearekin, eta Örökbefogadás (Marta Meszaros, 1975), Berlingo Zinema Jaialdian Urrezko Hartza eskuratu zuena.

Zikloa asteazkenean hasiko da, urriaren 1ean, Gasteizen, 'Notorius' filmarekin (Alfred Hitchcock, 1946)

Bestalde, Kataluniako Filmotekak 'El amor brujo' (Francisco Rovira Beleta, 1967) bidaliko du, eta Pablo Laparra Kataluniako Zinematekaren zuzendaria izango da filma aurkezten Donostian eta Bilbon. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak eta Begoña del Teso zinema kritikariak, aldiz, bi klasiko aurkeztuko dituzte Donostian eta Iruñean, Tystnaden (Ingmar Bergman, 1963) eta Freaks (Tod Browning, 1932), hurrenez hurren.

Deskubritu beharreko proposamenen artean, hiru lan daude. Hasteko, Kameradschaft langileen elkartasun internazionalistari buruzko kontakizun bat da, Georg Wilhelm Pabstek zuzendua, eta Alemaniako Zinematekaren Artxiboaren zuzendari Elisa Jochum izango da Donostian filma aurkezten.

Bigarrenik, Trotacalles (1951) izango da ikusgai, Matilde Landetak zuzendua eta Mexikoko UNAM Zinematekak zaharberritua, eta hirugarrenik, Más allá del olvido (Hugo del Carril, 1956) melodrama gotiko argentinarra, zeinaren zaharberritzea Cannesko Zinema Jaialdiaren azken edizioan aurkeztu baitzuten.

Gainera, bost hirietan ikusgai izango dira Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) film ertainak; laurak ere euskarazko zinemaren proiektu aitzindariak dira, eta Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberritu dituzte Boloniako L'Immagine Ritrovata laborategietan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

EMANALDI BEREZIAK

Bestalde, Gipuzkoa terminoaren milagarren urteurrena aitzakia harturik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, Euskadiko Filmategiak digitalizatu duen Guipúzcoa (Pío Caro Baroja, 1979) dokumentalaren bi saio berezi izango dira Tabakaleran.

Emanaldi guztietarako sarrerak Internet bidez eta aretoetan bertan erosi ahal izango dira, Bizkaia Aretoaren kasuan izan ezik, Bizkaiko hiriburuko saioetarako sarrera fisikoak Arte Ederren Museoan salduko baitira. Halaber, Bilboko lau film ertainak Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak antolaturiko programazioaren barruan emango dituzte.