Síguenos en redes sociales:

Mendi Film bekaren seigarren aldira proiektuak aurkezteko epea irailaren 30ean itxiko da

Mendiko kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dago laguntza

Mendi Film bekaren seigarren aldira proiektuak aurkezteko epea irailaren 30ean itxiko daUtzitakoa

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Mendi Film bekaren seigarren ediziora proiektuak aurkezteko epea irailaren 30era arte dago zabalik. Mendiko kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dago laguntza.

Sustatzaileek jakinarazi dutenez, errealizadoreen gaztetasuna, Bizkaian filmatutako proiektuak eta horien izaera lokal-globala baloratuko dira. Edonola ere, hirurak ez dira faktore baztertzaileak izango beka lortzeko garaian.

Urtebeteko lanketa tartearen ostean, 2026ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian estreinatuko da bekadunaren proiektua

Bizitokia Espainiako Estatuan duten 18 urtetik gorako zinemagile orori zuzendutako deialdia da, eta bekak 10.000 euroko diru laguntza eta aholkularitza programa eskainiko ditu hautatutako proiektua garatzeko.

Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengoan, hurrengo fasera igaroko diren lau proiektu finalistak hautatuko dira, eta bigarrena BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 18. edizioan burutuko da, abenduaren 5etik 14ra, aurrez aurre, eta ikus-entzunezkoen komunitateko eta mendiaren munduko kideek osatutako epaimahai batek erabakiko du beka jasoko duen proiektua zein den.

Urtebeteko lanketa tartearen ostean, 2026ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian estreinatuko da bekadunaren proiektua.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Elhuyarrek Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehenbiziko plataforma sortu du, hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzeko helburuaren baitan.

Horrela, Elhuyarretik nabarmendu dutenez, ikus-entzunezko bat beste hizkuntza batera automatikoki bikoiztea "oso erraza" izango da aurrerantzean, nahikoa izango baita edukia igo, helburuko hizkuntzara itzuli eta bikoizteko aukerari klik egitea.

Gainera, erabiltzaileak une oro ikusi ahal izango du sortzen ari den emaitza, eta, beharren arabera, emaitza horiek aldatzeko aukera izango du prozesuko urrats bakoitzean.

Bikoizketa egiteko aukera horiek guztiak Aditu plataformak eskainiko ditu hemendik aurrera, eta horrela, azpitituluak sortzeko plataforma izatetik bikoizketa automatikoa eskaintzera pasatuko da.

Aditu plataformaren helburua izango da ikus- entzunezko eleaniztunak sortzeko prozesua erraztea, eta horretarako, hainbat aukera berri gehitu dira, hala nola ahotsa imitatzeko aukera eta azpitituluak ahots bihurtzeko aukera.