Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako deialdi berriak kidego horien bitartekotasuna % 4ra murriztuko du.

2019az geroztik, 9.600 irakasle-plaza baino gehiago deitu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain arte deitutako lanpostuak finkatzeko prozesuak burutu ditu; guztira 4.542 pertsona izan dira funtzionario edo lan-kontratuko langile finkoa lortu dutenak, gehienak irakasleen kidegoan. Egonkortze horrek ikastetxeetako hezkuntza-taldeak indartu ditu, eta horrek proiektu pedagogikoei jarraipena ematea ahalbidetu du, baita ikasleei ematen zaien hezkuntza-erantzuna hobetzea eta sistemaren ekitatea indartzea ere.

Egonkortasunaren aurrerapen garrantzitsu horri Lan-Eskaintza Publiko (LEP) berri bat gehituko zaio datozen asteetan, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako kidegoetarako 1.268 plazarekin. Idatzizko lehen probak datorren irailaren 20an izango dira, BECen. Deialdi horri esker, bitarteko langileen tasa % 4ra murriztuko da kidego horietan.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, Eusko Jaurlaritzak klaustroen egonkortasunarekin duen konpromisoa azpimarratu du: "Gure helburua kidego guztietan LEPen urtero deialdia mantentzea da -Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Irakaskuntza Ertainetan eta Ikuskaritzan-, Horrela talde egonkorrak finkatuko ditugu, jarraitutasunez eta hezkuntza-proiektuarekiko konpromiso handiagoarekin. Egonkortasun hori funtsezkoa da ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko, ikasgelan baliabide gehiago, banakako arreta handiagoa eta ekitatean aurrera egiteko aukera sendoagoak eskaintzeko”.

Hezkuntza Berezian esleitutako 500 plaza baino gehiago

Ikasturte honetan, halaber, 520 plaza esleitu dira aniztasunaren arretari lotuta, besteak beste:

• Hezkuntza-laguntzako 476 espezialista.

• Zeinu-hizkuntzako 14 interprete.

• 13 fisioterapeuta.

• 10 terapeuta okupazional.

• 3 gizarte-langile.

• 4 pertsona materialak transkribatzeko eta egokitzeko.

Hezkuntza-zerbitzu osagarrietako 480 profesional ere finkatu dira, sukaldaritzako (283) eta garbiketako (197) langileei dagozkienak. Profesional horiek lanean hastea ikastetxeen eguneroko funtzionamendua indartu dute, eta ikasle guztientzako eskola-espazio zainduak eta seguruak bermatzen lagundu dute.

Aldi berean, aurten bertan deitutako Hezkuntza Ikuskaritzako 26 plazak hautatzeko prozesuak ere amaitu dira.

Ikasleen potentziala garatzea

Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-sistemaren baliabideak hobetu ditu pixkanaka, arreta berezia jarriz irakaslegoaren errefortsuari pedagogia-berrikuntzari eta aniztasunarekiko arretari. Bultzatutako neurrien artean, nabarmentzekoak dira talde bakoitzeko ratioen jaitsiera eta hezkuntza-berrikuntzara eta laguntzara bideratutako irakasle-figura berriak sartzea. Estrategia horren barruan, erakunde sindikalekin 2022an eta 2025ean sinatutako akordioetan jasotako konpromisoak ere aplikatu dira. Helburua da ikasleek laguntza gehiago izatea, ikaskuntza-baldintza hobeak eta ekitatea bermatzea beren ahalmen guztien garapena bultzatuko duen eskola-ingurunean.

Konpromiso horren ondorioz, 3.000 profesional berri baino gehiago sartu dira sisteman azken hiru ikasturteetan. Dotazio horiek bitarteko langileekin bete behar dira; izan ere, Estatuko araudiak erretiratzen diren langileen birjarpen-tasari dagozkion plazak baino ezin baiditu deitu LEP bidez, plaza berriak ezin dira Lan-Eskaintza Publikoaren bitartez.

Ahalegin kolektibo horri esker, aurten Hezkuntza Sailak bitartekotasuna, oro har, %8tik behera murriztuko du. Ezarritako helburua %5era jaistea da, orain arteko egonkortu diren irakasle kopuruen daturik onenak lortuz. Gogoratzekoa da, 2019. urteaz geroztik 9.635 plaza deitu direla irakasleentzat.