Diego Céspedes zinemagile txiletarraren La misteriosa mirada del flamenco film luzeak irabazi du Gehituk, Euskal Herriko lesbiana, Gay transexual eta bisexualen elkarteak, Donostiako Zinemaldian ematen duen Sebastiane Latino saria.

Gehituk, LGBTIQA+ Jaialdien hamaikagarren Topaketa egingo du Zinemaldian, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren (Mugen Gainetik bidez), Espainiako Berdintasun Ministerioaren eta Acción Cultural Española (AC/E) entitatearen laguntzarekin.

Donostiako Zinemaldiak jakinarazi duenez, LGBTIQA+ aldarrikapen eta balioen defentsa hobekien irudikatzen duen Zinemaldiko edozein sailetako film luze latinoamerikarrari ematen zaio sari hau. Zinemaldian programatutako hamahiru film dira hautagai aurten hogeita seigarren edizioa egingo duen Sebastiane Sarirako.

Epaimahaia Gehituko ordezkariez, zinemagile batez eta Samantha Hudson abeslari, gidoigile, aktore eta artistaz osatuta egongo da. Film irabazlea Sebastiane Sariaren sari-banaketan iragarriko da Bidassoa Taproom aretoan irailaren 26an (ostirala), 19.00etan.

Epaimahaiak "Txileko mendeku eta fantasiazko road trip bat" saritu dutela dio, "maitatzeak ez lukeela inoiz zigorrik ekarri beharko gogorarazten diguna: ez zigor sozialik, ez Jainkoaren zigorrik".

Epaimahaiaren aktaren arabera, "film honi eman diogu saria ezagutzen ez dugunari diogun beldurrak eragindako gorrotoa, batzuetan enpatiaren eta maitasunaren gainetik ipintzen diogula erakusteagatik".

Céspedesen filma beste lau finalistei gailendu zaie: Ato noturno (Marcio Reolón eta Filipe Matzembacher), Los inocentes (Germán Tejada), Llueve sobre Babel (Gala del Sol) eta Un mundo para mí (Alejandro Zuno).

Aurten, Cannesko Un Certain Regard saria irabazi ondoren, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio. Diego Céspedesek Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) bere lehen film laburrarekin, eta bigarrenarekin -Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022)- Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Zabaltegi-Tabakalera inauguratu zuen.

Ohi bezala, iaz Sebastiane Latino Saria irabazi zuen filma Gipuzkoako hainbat herritan emango da Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan, Gehituk Mugen Gainetik entitatearekin eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin egindako elkarlanari esker.

Horrela, Marcelo Caetano zuzendari brasildarra Baby filmaren emanaldian izango da Errenterian irailaren 18an, Irunen 19an eta Deban 21ean.