Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen %48,2k indarkeria motaren bat jasan du noizbait bikotearen barruan edo kanpoan, hau da, 449.295 emakumek, eta %7,4k azken urtean, hots, 68.949 emakumek.
Horrela jakinarazi zuten Bilbon Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria mota batzuei buruzko inkestaren aurkezpenean.
Inkesta 2024an egin zen, eta arazo horren garrantzia neurtzeko eta emakumeek edozein eremu publiko edo pribatutan jasaten duten indarkeria mota desberdinen maiztasunari buruzko datuak biltzeko Euskadin egin den lehen inkesta ofiziala da.
Besteak beste, bikote, familia, lan, hezkuntza eta komunitate eremuak eta ingurune birtuala kontuan hartzen ditu, aztergaia Euskadin bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeak izan dira, eta inkesta 4.500 emakumeko lagin adierazgarri bati egin zaio.
Bada, datu adierazgarriena da Euskadin bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen %48,2k indarkeria motaren bat jasan duela noizbait, fisikoa -mehatxuak barne-, sexuala edo psikologikoa, bikotearen barruan edo kanpoan. Guztira 449.295 emakume dira.
Era berean, Euskadin bizi diren adin tarte bereko emakumeen %7,4k indarkeria motaren bat pairatu du azkemn urtean, fisikoa -mehatxuak barne-, sexuala edota psikologikoa, hau da, denera 68.949 emakumek.
Inkestaren datuen arabera, indarkeriak adin guztietako emakumeei eragiten die, nahiz eta adinaren araberako analisiak desberdintasun batzuk erakusten dituen indarkeria moten prebalentzia tasetan.