Andres Alberdi euskaltzain osoa emeritu bilakatu da uda honetan, Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen duten bezala, joan den uztailaren 1ean 75 urte bete ondoren. Horrela, Getariako (Gipuzkoa) hizkuntzalariaren ordezkoa aukeratzeko epea ireki da, eta proposamenak hurrengo bi osoko bilkuretan jasoko dira.

Akademiatik zehaztu dutenez, iraileko eta urriko osoko bilkuretan aurkez ditzakete euskaltzain osoek Andres Alberdiren lekua betetzeko proposamenak, eta azaroan egingo da hautaketa, Bilbon egingo den bilkuran. Jakina denez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute, eta, proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira xeheki.

Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria, 1950) Filosofian lizentziaduna da eta irakaskuntzan aritua 38 urtean; lehenengo, Elgoibarko Ikastolan, eta ondoren, Elgoibarko Arreiturre Institutuan, bertan Euskara eta Literaturako katedraduna izanik 1982tik 2011n erretiroa hartu zuen arte.

Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza kidea izan zen, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-1992ko ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritu zen koordinatzaile gisa.

2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko Lantaldeko partaide izana da, hura iraungi arte (2014). 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu izan da, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko Batzorde Ahaldunduko idazkari eta testu prestatzailea da.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an eta euskaltzain oso 2022ko azaroaren 26an; sarrera hitzaldia 2023ko azaroaren 25ean irakurri zuen, Getariako udaletxean.