Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka emandako epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena" dela salatu dute ostegun honetan 200dik gora alkatek, udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkarik.

Auzitegi Gorenak Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen pasa den astean, Vox alderdi politikoak jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez. Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu ditu, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera.

Bada, ostegun honetan, euskararen eta euskal erakundeen autogobernuaren aldeko erantzun bateratua eman dute Bilbon alderdi eta sentsibilitate desberdinetako 200dik gora alkatek eta udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkariek, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian.

Epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela azpimarratu dute, bai eta "azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten" duela eta "autogobernua nabarmen kaltetzen" duela ere.

Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan da adierazpen bateratua irakurtzeko arduraduna.

Vox alderdiaren argudioak bere eginez, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legea garatzen duen dekretuaren hainbat atal baliogabetu izana kritikatu du, eta epaiak herritarrek hautatutako udal gobernuei udalerri bakoitzerako hizkuntza politika askatasunez garatzeko eskumena ukatzen diela.

"Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da, azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten duena eta gure autogobernua nabarmen kaltetzen duena. Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelerarekin batera erabiltzen denean ere", adierazi du.

Finean, bere hitzetan, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada "neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin". "Hori du asmo indarrean dugun araudiak", gaineratu du.