Lehiaren Euskal Agintaritzak unibertsitateko tituludunentzako prestakuntza beka baterako deialdia egingo du uda honetan, erakundearen jardun eremuei dagozkien gaietan. Bekaren iraupena gehienez hamar hilabetekoa izango da, 1.100 euroko hileko ordainsari gordinarekin eta asteko 30 orduko lanaldiarekin.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du gobernu bileran deialdian hautatutako pertsonak prestakuntza Lehiaren Euskal Agintaritzaren lokaletan bertan egin ahal izateko.

Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, beka eskuratu ahal izateko, besteak beste, hurrengo baldintza hauek bete behar dira: graduko unibertsitate titulua, lizentziatura edo baliokidea izatea Zuzenbidean, Ekonomian edo Enpresan, eta unibertsitate titulua lortu zenetik eskabideak aurkezteko epea amaitu arte sei urte baino gehiago igaro ez izana.

Beka merezimendu lehiaketa bidez esleituko da, eta elkarrizketa pertsonala egingo zaie lehenbiziko fase hori gainditzen duten hautagaiei.

Bekari esker, esleipendunak prestakuntza teoriko-praktikoa jaso ahal izango du Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko jarduera esparruetan, hala nola zehapen espedienteak izapidetzean eta lehia sustatzeko txostenak egitean, besteak beste.

Aurkezteko epea irekitzen denean, informazio guztia eskuragarri egongo da https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113106/web01-tramite/eu/ estekan

Eskabideak telematikoki aurkeztu ahal izango dira, Zuzenean zerbitzuaren bulegoen bidez, edo aurrez aurre, Lehiaren Euskal Agintaritzaren Bilboko egoitzan, hilabeteko epean deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (abuztuaren amaierarako aurreikusita dago).

EPEA

Aurkezteko epea irekitzen denean, informazio guztia eskuragarri egongo da https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113106/web01-tramite/eu/ estekan.

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia, eta bere jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) lurralde eremuan organikoki eta funtzionalki independentea da.

Helburua da lehia askeko eta gardentasuneko baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea merkatuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez.