GUAU audio plataformak 'Hiru, Bi, Bach!' musika klasikoa barrutik ezagutzeko aukera emango duen podcasta jarri du entzungai. ULU Media ekoiztetxeak ekoitzi du podcasta EITB Mediarentzat, EGO Euskadiko Gazte Orkestrarekin elkarlanean, eta bost atalak ostegunero sareratuko dira.
EITBk jakinarazi duenez, Ludwig van Beethovenen 'Zazpigarren sinfonia' aztertu eta xehetuko du podcastak "modu berritzaile eta erakargarrian". Atal bakoitzean, musikaren maisulan hau "puzzle bat bezala" zatitzen joango da, "piezaz pieza", eta "obraren atzean ezkutatzen dena eta berau osatzeko prozesua nolakoa izan zen ezagutzeko aukera eskainiko du".
Bost atalek osatzen dute podcasta eta bi gidari nagusi ditu: Felix Etxeberria eta Oihana Etxebeste EGOko musikari gazteak. Iker Sanchez musika aditu eta EGOko topaketen zuzendariaren laguntzarekin ariko dira biak.
Podcastaren helburua da musika klasikoa gazteengana modu berri eta berritzaileaz hurbiltzea. Gazteek kontsumitzen dituzten formatuak eta kanalak erabiliz, beren playlist kuttunean musika klasikoa sartzeko xedea ere badu.
Euskadiko Gazte Orkestrak 2024ko neguko programan eskaini zuen Beethovenen 'Zazpigarren sinfonia', eta bere musikariek berariaz podcast honetarako grabatutako piezak entzun ahal izango dira bide batez. Ekoizpena, ULU Mediak egin du; Oier Aranzabal izan da zuzendaria eta Martin eta Xabier Etxeberria gidoilariak. Soinu paisaiaren osaketa Jon Gartziaren esku egon da.
Donostiako Musikenen aurkeztuko dute edukia ostegun honetan, arratsaldean, eta han izango dira Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendaria, German Ormazabal EGOren zuzendari nagusia, Oier Aranzabal podcastaren zuzendaria, Martin eta Xabier Etxeberria gidoilariak eta Oihan Espina EGOko musikaria. Joseina Etxeberriak egingo ditu gidari lanak eta EGOk ere musika zuzenean eskainiko du.