Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak 'Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985)' plazaratu du, trantsizio garaian jaiotako emakumezko zazpi sortzaile euskaldunen obra aztertzen duen lan kolektiboa.
Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres EHUko irakasleek editatutako liburuak azken urteetako euskal literaturan emakumeek sortutako lanen balioa nabarmendu nahi du, euren lanek lortu duten kalitate eta aitortza soziala azaleratuz, hala Euskal Herrian bertan, nola nazioartean.
EHUko iturriek jakinarazi dutenez, lana hiru hautaketa irizpidetan oinarritu da: aukeratutako idazleak 1970 eta 1985 artean jaiotakoak dira, kasu askotan euren lanek beste hizkuntzetara itzuli dira eta 2018 eta 2022 artean Euskadi Literatura Saria eskuratu dute. Hain zuzen, Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao dira liburuaren protagonistak.
Paloma Rodriguez-Miñambresek azaldu duenez, "liburuaren helburua da azken urteotan euskaraz ekoitzi den eta gaur egun ekoizten ari den literaturan emakumezkoek kalitate handiko lanak idatzi dituztela azpimarratzea eta Euskal Herrian zein hemendik kanpo jaso duten aitortza horren oihartzuna zabaltzea".
"Halaber, idazleen ibilbide literarioari dagokionez, liburu gehiago idazten jarraituko dute, eta, beraz, haienganako arreta piztu behar da, gaur egungo gaiak jorratzen eta islatzen dituztelako haien obretan eta gure zeitgeist-arekin (garaiko espirituarekin) lotura egiten dutelako. Beraz, irakurle guztiei interesatu ahal zaizkie lan horiek", gaineratu du.
Liburuan aztertutako idazleek lotura argiak dituzte euren artean, nahiz eta bakoitzak bere estiloa eta ahotsa izan, eta euren lanetan emakume izatearen esperientzia modu ezberdinetan lantzen dute (amatasuna, familia eta identitateak, bikote harremanak, genero berdintasuna, intimitatea).