CAF konpainiako esparru akordioa sinatu du Malaysiako Gamuda Berhard eraikuntza enpresarekin, Taipei Berriko (Taiwan) Xidong eta Keelung hirien arteko lineetara 23 Urbos tranbia arte hornitzeko, Rapid Transit Systems Department garraio operadoreak kudeatuta.
Kontratuak ordezko piezen, gordailutzeko ekipoen eta gidatzeko simulagailu baten hornikuntza ere jasotzen du, eta zenbatekoa 200 milioi euro ingurukoa izan daiteke jasotako aukera guztiak beteko balira.
CAFek jakinarazi duenez, Taiwanen egingo duen bigarren proiektua izango da, Kaohsiung hirian katenariarik gabeko munduko lehen tranbia linearekin lotutakoa burutu ostean.
Kontratu berri honetan, Gamuda Berhard eraikuntza enpresak gidatuko du proiektu integrala, eta duela bi hamarkada Taiwango merkatuan sartu zenetik CAFek eskuratutako bigarren lorpen handiena izango da.
Gainera, CAFen arabera, esleipenak erakusten du euskal konpainiak eta Malaysiako eraikuntza taldeak "behar adinako gaitasun teknologikoa eta industriala dutela eskakizun maila eta balio erantsi handiko mugikortasuneko proiektuak lortzeko".
"Bi enpresen ibilbidea eta, lan egiteko garaian erakutsitako gaitasuna eta esperientzia kontuan hartuta, Taiwango agintariek erakutsitako konfiantza indartuko du proiektu berriak", ziurtatu dute euskal enpresatik.
Taipei Berria da herrialdeko udalerririk handiena. Lau milioi biztanle inguru ditu, eta proiektua Taipei Berria metropoli eremuan aurrera eramaten ari diren azpiegitura ekimen garrantzitsu baten parte da. Ekimenaren helburua da inguru horretako trenbide garraioaren eskaera gero eta handiagoari erantzutea.
Zehazkiago, Xizhi-Donghu (Xidong) lehen linea sei kilometro ingurukoa izango da, erabat goratua. Sei geltoki eta unitateen biltegia izango ditu, material ibilgarriaren hornidura eta operaziorako behar diren sistemak barne.