Síguenos en redes sociales:

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 36. edizioak 6 eta 18 urte arteko ikasleen 26 lan sarituko ditu

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 36. edizioak 6 eta 18 urte arteko ikasleen 26 lan sarituko dituRedacción DNA

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 36. edizioko irabazleak saritzeko ekitaldia izango da larunbatean, maiatzaren 24an, udaletxeko Udalbatza aretoan. 6 eta 18 urte bitarteko ikasleen 26 lan sarituko dira.

Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, ekitaldia 12:00etan hasiko da, Udal Txistulari Bandaren harrerarekin. Ondoren, Sara Cozar aktoreak aurkezpen lanak egingo ditu, Iñaki eta Olatz Salvadorrek musikaz apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko.

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 36. aldian 26 lan sarituko dira eta 31 lanek jasoko dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, "arrakastatsua izan da oso", 21 ikastetxetako ikasleek 1.344 lan aurkeztu baitituzte.

Saritutako lanak (launa komiki, olerki eta mikroipuin, bederatzi ipuin eta bost bertso) liburuxka batean bildu dira eta www.donostiaeuskaraz.eus webgunean ikus daitezke.

Iñaki Martiarena 'Mattin' komikigileak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Ana Malagon, Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Inazio Mujika idazleek osatutako epaimahaiarentzat aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da bertan, 31 lan, hain zuzen ere.

BESTE DATU BATZUK

Irabazle guztiek kulturarekin zerikusia duten produktuak jasoko dituzte sari gisa: liburu elektronikoak, margotzeko materiala, argazki makinak eta abar. Diplomaz gain, liburua eta 50 euroko bonu bana ere jasoko dute kultur produktuak erosteko.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak nabarmendu duenez, "digitalizazioa eta adimen artifiziala gailentzen ari den garaian, sormena eta irakurzaletasuna sustatzen jarraitzea garrantzitsua da oso"

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak nabarmendu duenez, "digitalizazioa eta adimen artifiziala gailentzen ari den garaian, sormena eta irakurzaletasuna sustatzen jarraitzea garrantzitsua da oso".

"Literatur lehiaketa osasuntsu dago, partaidetza iazkoa baino hobea izan da eta kalitatean ere gora egin du, batez ere E eta F kategorietan, 16 eta 18 urte bitarteko adin tartean", gaineratu du.