Eusko Jaurlaritzak 2024ko Open Data sariak banatuko ditu maiatzaren 8an Bilbon. Sarien bosgarren edizioa orain arteko parte hartzaileena izan da, 71 proiektu aurkeztu baitira guztira, 41 ideien modalitatean eta 30 aplikazioenean, eta azkenean bederatzi proiektu aintzatetsi dira.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, urteak daramatza datu irekien erabilera sustatzen, Open Data Euskadi ekimenaren eta atariaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazio publikoek sortutako datu publikoen irekiera, erabilera eta berrerabilera bultzatzeko helburuarekin.

Beraz, xede nagusia da gardentasuna, informazio sarbidea, erakundeen arteko lankidetza eta berrikuntza sustatzea, baita garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea ere, informazio publikorako doako sarbidea bermatuz.

Helburu eta konpromiso horri jarraiki sortu ziren Open Data sariak, EAEko datu irekiak erabiltzen dituzten ekimen eta proiektu onenak aitortzeko. Open Data sariek datu publikoen erabileran sormena eta berrikuntza bultzatu nahi dute, eta datu irekietan oinarritutako ideiak, irtenbide teknologikoak, aplikazioak, ikerketak edo zerbitzuak garatzen dituzten enpresak eta partikularrak aitortzen dituzte.

Bada, Jaurlaritzak 2024ko datu irekien sariak banatzeko ekitaldia antolatu du maiatzaren 8rako, 11:00etan, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Ekitaldian parte hartuko dute Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eta Estitxu Garai EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak.

Sariak banatzeaz gain, datuen erabilera eta adimen artifiziala bateratuko dira ekitaldian, gaian adituak diren bi pertsonen hitzaldien eta proiektu irabazleen aurkezpenen eskutik.

Horrela, Carolina Sepulveda Microsofteko Data & AAren arduradunak datu irekien eta adfimen artifizialaren erabilerak zerbitzu publikoak eraldatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta gizarte inpaktua sortzeko duen ahalmenaz hitz egingo du, eta Imanol Teran estrategia digitaleko aholkularia adimen artifizialaren egungo eraginaz, ahalmen eraldatzaileaz eta mahaigaineratzen dituen arrisku eta aukerez mintzatuko da.

Era berean, Open Data 2024an saritutako bederatzi proiektuak aurkeztuko dira. Bertaratzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea opendata.euskadi.eus web orrian.