Euskaraldian "jarrera aktiboa" izateko deia egin diete antolatzaileek herritarrei, eta gogorarazi dute izen-ematea oraindik irekita dagoela www.euskaraldia.eus webgunean. Era berean, adierazi dute txapak banatzen hasi direla jada herrietan.
Bi aste eskas geratzen dira Euskaraldia hasteko -maiatzaren 15etik 25era izango da-, eta ia dena prest dago ariketari ekiteko. Agerraldia izan da ostiral honetan Lekeition, eta bertan bildu dira Lekeitioko eta Mutrikuko batzordeetako ordezkariak, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak eta euskal gizarteko hainbat aurpegi ezagun ere, Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko.
Ana Goitia aurkezleak zuzendu du agerraldia, bera baita laugarren edizioko hamaikakoko kide lekeitiarra. Ekitaldia hasteko, tokian tokiko batzordeek herriz herri egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute.
"Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak. Eurek ahalbideratzen dute Euskaraldiaren mezua herritarrengana iristea eta ariketa bera, herriz herri, Euskal Herri osoan egin ahal izatea", azpimarratu du Jon Kobeaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko eta Lekeitioko batzordeko kideak.
Aurten, gainera, batzordeak oso "indartsu" sumatu dituztela nabarmendu du Kobeagak: "Orain bi edizio bizi izan genuen pandemia, eta 2022ko Euskaraldian sumatu zen haren arrastoa oraindik. Aurten, ordea, batzordeetan jende gehiago ibili dela jakin badakigu, hainbat herritatik jaso dugun mezua izan baita hori".
Batzordeen lanarekin batera, Euskaraldiaren beraren garrantzia ere azpimarratu dute, eta euskararen erabileran eragiteko "orain-oraingoz daukagun tresna indartsuena" bezala definitu dute.
Kobeagaren hitzetan, "orain da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko tenorea; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan. Bi urtez behin egiten dugun ariketa masiboa probestu behar dugu abiada hartu eta urte guztian euskara gehiago erabili eta entzuteko".
Kobeagarekin batera egon da Joseba Palenzuela Mutrikuko batzordeko kidea, eta Euskaraldiak herrian sortzen duen mugimendua nabarmendu du bere hitzartzean: "Herri mailan mugimendu polita Euskaraldiaren bueltan. Aurreko edizioan bost bat lagun izatetik, oraingoan 10-12 izatera pasa gara, eta ilusioz gabiltza".