Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxa Fundazioa-Gordailua bekaren laugarren edizioa jarri dute martxan bien arteko lankidetza hitzarmenaren esparruan, lurraldeko kultura ondarearen kontserbazioa, ikerketa, berrikuntza eta gizarteratzea sustatzeko asmoz. Eskaerak egiteko epea datorren astelehenean zabalduko da, apirilaren 28an, eta maiatzaren 16ra arte egongo da irekita.

Bekaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, kontserbazio eta zaharberritze arloko prestakuntza eta ikerketa sustatzea da helburua, kultura ondasunak eta arte ederrak zaintzeko parametro jasangarriak aplikatzeari garrantzi berezia emanez.

Horretarako, Kutxa Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroarekin, arlo horretan erreferentea baita Europan.

Beka kontserbatzaile eta kontserbazioan espezializatutako profesionalentzat da, eta 30.000 euroko diru laguntza du Kutxa Fundazioaren aldetik, gehi 12.000 suitzar franko Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroak emanda.

Hirugarren eta azken fasea hamar hilabeteko beste egonaldi bat da Gordailuan

Programak hiru fase ditu. Hasteko, hiru hilabete egonaldia izango da Gordailua Gipuzkoako Aldundiaren ondare bildumen zentroan, Irunen, bertako metodologiak ezagutzeko eta garatu beharreko proiektua zehazteko.

Bigarrenik, sei hilabete bitarteko egonaldia egingo da Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroan (Affoltern am Albis), proiektuaren lehen zatia han egiteko.

Hirugarren eta azken fasea hamar hilabeteko beste egonaldi bat da Gordailuan, atzerrian lortutako ezaupideak aplikatuko diren kontserbazio eta zaharberritze arloan jasangarritasuna helburu duen proiektu jakin batean.

Bekadunaren, Kutxa Fundazioaren, Gordailuaren eta Suitzako Museo Nazionalak Affoltern am Albis-en duen Bildumen Zentroaren artean adostuko da proiektuaren gaia.