Síguenos en redes sociales:

Energia biltegiratzeko biomasatik lortu eta hidrogeno likidoan oinarritutako sistema garatzen ari da energiGUNE

Energia biltegiratzeko biomasatik lortu eta hidrogeno likidoan oinarritutako sistema garatzen ari da energiGUNEUtzitakoa

CIC energiGUNE energia elektrokimikoaren biltegiratze eta bihurketako ikerketa zentroa hidrogeno eramaile likidoen bidez energia epe luzera biltegiratzeko sistema berritzailea garatzen ari da. Teknologiak gaur egun nagusi den hidrogeno gaseosoaren ekoizpen eta kudeaketa prozesuaren beharra ezabatzen eta balio handiko produktu kimikoak lortzeko aukera zabaltzen du.

Gasteizko zentrotik jakinarazi dutenez, proiektua Europako PeCATHS ekimenaren barruan dago, eta CIC energiGUNE eta kontinente osoko beste sei erakunde biltzen ditu.

Zehazkiago, Max Garcia-Melchor Ikerbasque irakasle eta CIC energiGUNEko Katalisirako Modelizazio Atomistiko eta Molekularreko Taldeko ikertzaile nagusiaren hitzetan, "proiektuak aukera emango digu biomasaren hidrogenoa zuzenean transferitzeko hidrogenoa daramaten likido organikoetara, hidrogeno gaseosoa ekoitzi beharrik gabe. Hobekuntza horrek ekarriko du energia sistemen jasangarritasuna eta eraginkortasuna nabarmen optimizatzea".

Proiektuak balio erantsiko produktu kimikoak sintetizatzea eta energia modu likidoan biltegiratzea du helburu, sektore kimiko eta energetikoak integratuz. Prozesu horretan, hidrogenoa daramaten likido organikoek funtsezko zeregina dute, hidrogenoa modu egonkorrean eta presio eta tenperatura baldintza moderatuetan garraiatzeko aukera ematen baitute.

Asmo handiko helburu horiek lortzeko eta teknologia horri lotutako erronka ekonomikoei aurre egiteko, biomasa hidrogeno iturri gisa eta eguzki energia iturri berriztagarri gisa aprobetxatuko duen estrategia errentagarria hartuko ditu egitasmoak.

"Ikuspegi horrekin, hidrogenoaren ekoizpenean energia kostuak murrizteaz gain, hidrogenoaren konpresioari eta biltegiratzeari lotutako konplexutasunak ezabatuko ditugu, sistema konbentzionalen aurrean lehiakortasuna hobetuz", nabarmendu du Garcia-Melchor irakasleak.

CIC energiGUNEk funtsezko zeregina izango du PeCATHS partzuergoaren barruan, eta eredu konputazionalak eta adimen artifizialeko teknikak garatuko ditu biomasaren oxidaziorako eta epe luzera hidrogenoaren biltegiratzerako materialen diseinua bizkortzeko.

Gasteizko zentroaren ekarpena materialen baheketatik eta modelatze mekanistikotik katalizatzaileen konposizioa eta erreakzio baldintzak optimizatzera iristen da, garatutako teknologien eraginkortasuna eta eskalagarritasuna ziurtatuz.