Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak antolatzen duen Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituak 21. edizioa egingo du aurten, eta zortzi filmek osatutako bilduma bat eskainiko du martxoaren 7tik apirilaren 11ra.

Antolakuntzako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, Laburbirak bi helburu nagusi ditu: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beren lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.

Bada, 20 urteotan bide arrakastatsua egin du zikloak, eta "euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala" bihurtu da eta, zirkuitu egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, "industria osoaren pizgarri moduan" ere eragiten du.

Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira

Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira eta horietatik zortzi film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Orotara, 97 minutuko film labur sorta osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurki daitezke bertan, eduki zein estiloz, eta horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutakoak.

Hain zuzen, Prosopagnosia (Ekain Martinez), Plazer bat (Sonia Estevez), Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Europa (Ekain Irigoien), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Hor konpon (Jone Arriola), Goodbay Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño eta Iraia Yarto) eta Utlandsk (Alba Lozano) film laburrak izango dira ikusgai.

Laburbiraren aurtengo edizioak Donostiako San Telmo Museoan martxoaren 6an egingo den aurrestreinaldiarekin hasiko du bere ibilbidea. Laburbira edozein herritan antola daiteke, eta elkarte zein udalen izen-ematea zabalik dago webgunean otsaila amaiera arte; bertan aukera dezakete antolatzaileek martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia.

Horrez gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana errazteko eta sendotzeko asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere badago filmen proiekzioaren barruan.