Síguenos en redes sociales:

Iban Garrok eta Mitxelko Urangak Bilboko Udalaren poesia eta saiakera sariak jaso dituzte

Iban Garrok eta Mitxelko Urangak Bilboko Udalaren poesia eta saiakera sariak jaso dituzteUtzitakoa

Iban Garro Alzurik eta Mitxelko Uranga Alvarezek Bilboko Udalak antolatutako XVII. Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria eta XXV. Miguel de Unamuno saiakera saria jaso dituzte, 'Euri beroak' eta 'Emognosioa Egia-ostea, Konspiranoia eta negazionismoa' lanei esker, hurrenez hurren.

Irabazleek astearte honetan jaso dituzte sariak Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan egindako ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru zela; Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia eta bi deialdietako epaimahaikideak ere izan dira bertan.

Bilboko Udalak urtero ematen ditu Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria eta Miguel de Unamuno saiakera saria, izena ematen dieten idazle bilbotarren oroimena eta lana bizirik mantentzeko asmoz.

Bada, XVII. Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria Iban Garro Alzurik jaso du, 'Euri Beroak' lanari esker. Epaimahaiak nabarmendu du poema liburua "oso ondo egituratuta" dagoela, "tonu eta erritmo egokietan".

Egileak prosa poetikoa eta lirika uztartzen dituenean erakusten duen originaltasuna ere goraipatu du, bai eta ironiaren eta itxaropenik ezaren arteko jolasa mantentzen duela hizkuntza poetikoa erabiltzen duenean.

Iban Garro Alzuri Kimikan lizentziaduna da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hainbat poesia lan idatzi ditu. Larrosa bat Groenlandian lanarekin Iruñea Hiria saria irabazi zuen 2023an. Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria irabazita, 5.500 euro jasoko ditu eta lana argitaratuko zaio.

Gaztelaniazko modalitatearen irabazlea, berriz, David Lopez Sandoval izan da, Arte Menor lanagatik. Epaimahaiak esan du "jakinduria poetikoz betetako lana" dela, "tradizioa naturaltasunez txertatzen dakiena eta kantu bihurtzen diren eta gai unibertsal handiak jorratzen dituzten poemetan trebetasun erritmiko aparta erakusten duena".