Gasteizko Artum Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Juncal Ballestín. Artxiboa argitaratu du, artista gasteiztarraren funts dokumentala aztertzen duen eta arte ekoizpenaz haragoko bere lanaren inguruko argibideak ematen dituen liburua.

Anesvad Fundazioak dohaintzan emandako Ballestinen artxiboaren inguruan Artium Museoko Dokumentazio Zentroak egindako lanaren emaitza da euskaraz eta gaztelaniaz plazaratutako argitalpena, eta, besteak beste, testu eta eskuizkribuak, diseinu grafikoko pieza eta bitxiak, eszenografiako piezak, antzerkirako atrezzoa eta irakaskuntza jarduerarekin lotutako dokumentu sorta bat erreproduzitzen ditu.

'Juncal Ballestín. Artxiboa' liburuan, gainera, Fernando Illana artista, galerista eta argitalpen proiektuaren zuzendariaren, Enrique Martinez Goikoetxea Artium museoko kontserbatzailearen eta Elena Roseras Artiumeko Dokumentazio Zentroaren arduradun eta argitalpenaren koordinatzailearen testuak daude.

Juncal Ballestinen legezko oinordekoa den Anesvad Fundazioak 2021ean Artiumi dohaintzan emandako artistaren ondarearen inguruan museoko lantaldeek egindako lanen testuinguruan dago argitalpena.

Dohaintzak 40 artelan baino gehiago eta artista gasteiztarraren dokumentu multzo zabala biltzen ditu. Artelan eta dokumentu horietako asko urte horretan bertan egin zen 'Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa' erakusketan egon ziren ikusgai.

Juncal Ballestinek (Gasteiz, 1953-2015) orduko Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan egin zituen ikasketak, eta material, bitarteko eta teknika ugari erabili zituen bere lanean, hala nola pintura, marrazketa, instalazioa, bideoa edota obra grafikoa. Bere artelan asko eta zirriborro, gutun, argazki, kartel, prentsa zati eta bestelako dokumentu batzuk Otazuko bere estudio etxean zeuden gordeta, behar bezala antolatu eta sailkatuta.