Ben Santana, Edgar Allan Pop eta Galder izendatu dituzte Rockein musika lehiaketaren 12. edizioko kategoria nagusiko finalista, eta La Nevera Vacía, Maialen Ibarra eta Monday Potions dira Hego Uribeko artistarik onenaren saria jasotzeko hautagaiak.
Finala azaroaren 16an izango da, larunbatez, Basauriko Social Antzokian. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena jaso behar da socialantzokia.eus webgunean edo Social Antzokiko txarteldegian. Publikoa zutik egongo da.
Basauriko Udalak (Bizkaia) antolatzen du Rockein musika lehiaketa, eta Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei zuzenduta dago. Aurtengo edizioan 195 artistak eman dute izena, bederatzigarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.
Bada, 12. aldiko kategoria nagusiko finalistei dagokienez, Ben Santana diziplina anitzeko artista bilbotarra da (trap, rap, hip-hop), eta iaz ere finalista izan zen lehiaketaren kategoria nagusian. Edgar Allan Pop da bigarren finalista, Beatriz Alvaro arabarrak eta Jaime Buenaventura madrildarrak osatutako bikotea, eta Galder hirugarrena, Berri Txarrak, Kuraia edo Dut taldeetako bateria jotzailea izandako Galder Izagirre irundarraren bakarkako debuta.
Beste hiru talde finalistak ondokoak dira: La Nevera Vacía, Etxebarriko kide bat duen pop-rock laukotea; Maialen Ibarra basauriar gaztea, duela gutxi 'Nire egia zuen ezpainetan' lehen EPa aurkeztu zuena; eta Monday Potions, Eneko Peña buru eta Etxebarri, Bilbo eta Santurtziko kideak dituen proiektua, musika proposamen eklektiko batekin, pop barrokotik art rockera nabigatzen duena.
Horiek guztiek Hego Uribeko artistarik onenaren saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugao-Miraballesen, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen dituena.
Gainera, Edgar Allan Pop taldeak Eskarabilera saria jasotzeko aukera ere izango du, eta Galderrek eta Maialen Ibarrak, berriz, euskarazko artistarik onenarren saria. Irabazle guztiak finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak.