Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen aurtengo edizioa urriaren 18tik 27ra izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 'Ekintza orok, txikia izan arren, badu bere garrantzia' goiburupean, gizartea trantsizio energetiko eta klimatikoaren beharraz kontzientziatzea eta mugiaraztea izango du helburu. Edizio honetan berritasunak egongo dira, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduraz jokatzeko ekintza onenak sarituko baitira.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak (Energiaren Euskal Erakundearen bitartez) eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatzen dute Asteklima.

Bada, jakinarazi dutenez, aurreko lau edizioetan bezala, herritarrentzako jarduera eta ekintza ugari egongo dira, herritarrok ekintzara bultzatzeko, hala nola erakusketak, mahai-inguruak, tailerrak, antzerkia, zinema, haurrentzako jolasak, ipuin kontalariak, bizikleta martxak, hitzaldiak, bisita gidatuak edo jardunaldi teknikoak. Asteklimaren parte izan nahi duten ekintza guztiek urriaren 4ra arte eman dezakete izena www.asteklima.eus webgunean.

Autengo berrikuntza nagusi bezala, Asteklima 2024k Euskadiko erakundeek klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduratzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi du, eta, horretarako, tokiko erakunde publikoek, lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeek, unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileek, irabazi asmorik gabeko erakundeek eta Euskadiko GKEek antolatutako jarduerak sarituko ditu.