Gazte Talent musika-talde eta -bakarlarien gazteentzako lehiaketak hamargarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea ireki du. Araban eta Trebiñun bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago.

Edizio berriaren xehetasunak gaur goizean jakinarazi dituzte Ana López de Uralde Gazteria zinegotziak, Nagore García Arabako Foru Aldundiko Kultura Ekintzako Zerbitzuko buruak, Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxako komunikazio-arduradunak eta Iker Arroniz Jimmy Jazz elkarteko arduradunak egindako prentsaurrekoan.

Lehiaketa musika-taldeen eta -bakarlarien modalitateetan eta 14-24 urte eta 25-35 urte bitarteko kategorietan egingo da. Salbuespen gisa, banda edo taldeen kategorian, taldeko kideen % 25ek 35 eta 40 urte bitarte izan ditzakete. Ekimena Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Jimmy Jazz elkarteak antolatu dute, Udaleko Kultura Zerbitzuaren, Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Laboral Kutxaren eta Araba Euskarazen laguntzarekin. Hamargarren edizioa ‘Sortzen’ gazteen sorkuntza-programaren esparruan egingo da.

Zuzeneko kontzertuak

Parte hartu nahi dutenek beren lanaren grabazioren bat aurkeztu beharko dute. Hura aztertu ondoren, antolakuntzako kideek osatutako hautaketa-batzordeak abenduaren 3an eta 4an, arratsaldez, Jimmy Jazz aretoan egingo den zuzeneko kontzertuen fasera igaroko diren taldeak eta bakarlariak izendatuko ditu.

Zuzeneko emanaldiak jendearentzat irekita egongo dira eta epaimahaia egongo da. Horrez gain, entzuleek ere botoa emateko aukera izango dute.

Finalista izateko aukeratutako talde eta bakarlari guztiek 200 euroko saria jasoko dute zuzeneko emanaldietan parte hartzeagatik. Bestalde, irabazleek 1.000 euroko saria jasoko dute kategoria bakoitzeko, eta Gazte Plaza, Araba Euskaraz eta Andre Maria Zuriaren jaietan Falerina Lorategian jotzeko (ordaindutako kontzertuak izango dira) aukera izango dute. Bi accesit egongo dira, bat euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat, eta bestea emakumeen ordezkaritza handiena duenarentzat. Era berean, epaimahaiak talde edo bakarlari bat aukeratuko du, eta Jimmy Jazz aretoan egonaldia egiteko aukera izango du hainbat egunez, kontzeptu teknikoak eta ekoizpen arlokoak sendotu ahal izateko.