Gasteizko IKA euskaltegiak 2024-2025 ikasturteko matriulazio kanpaina jarri du martxan aste honetan, "IKA te lo explika. Hizkuntza ulertuz, euskara ikasi" lelopean, eta irailaren 27ra arte egin daiteke matrikula urrian hasiko diren ikastaroetarako. Askotariko ikastaroak izango dira eskaintzan, ikaslearen beharren eta nahiaren araberakoak, euskaltegiko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

IKA euskaltegiak 35 urte betetzen ditu aurten, eta komunikazioan oinarritutako metodologia propioarekin jarraitzen du. Aurten, gainera, A1 eta C1 mailetan matrikulatzen direnentzat deskontu handiak izango dira.

Hala, euskalduntze prozesu osoa egiteko modua ere eskainiko dute

A1 mailako ikastaroetarako, adibidez, 280 eurotik gorako deskontuak izango dira, eta, gainera, aukera dago ordaindutako diru guztia berreskuratzeko. C1 mailan matrikulatzen diren 16-18 urteko gazteek ere deskontu handiak izango dituzte eskuragarri, iaz izan zituzten moduan. "Beraz, gero eta aukera handiagoak daude edozeinek euskara doan edo ia doan ikas dezan", nabarmendu dute.

Ikastaro horietaz aparte, euskalduntze prozesu osoa egiteko modua ere eskainiko du Gasteizko euskaltegiak hirian dituen hiru egoitzetan eta autoikaskuntza bitartez.

Bada, "irailean zehar, gasteiztarrek goiz eta arratsalde izango dituzte bulegoak zabalik, matrikula egin edo informazioa jasotzeko. Bertaratzerik ez duenak, berriz, gasteiz.ika.eus webgunean topatuko du informazioa, eta matrikulatzeko aukera ere izango du", ondorioztatu dute.