Euskaltzaindiak Irailekoak poesiari lotutako jaialdiaren bigarren aldia antolatu du Itsasun (Lapurdi), bertako Herriko Etxearekin elkarlanean eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin. Irailaren 28an eta 29an izango da, eta Ipar Euskal Herriko euskarazko poesiaren "argiak eta itzalak" aztertuko dira bertan.

Asteazken honetan Baionan egin den aurkezpen agerraldian azaldu dutenez, irailaren 28an egun osoz eta 29an goizez izango da aurtengo Irailekoak, eta olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugarik parte hartuko du.

Egitasmoaren nolakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu ditu, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan eginiko prentsaurrekoan. "Irailekoak-en helburuak ez dira aldatu: euskal poesia sustatu eta euskal poetei beste plaza bat eskaini, bizi eta erakargarria, beraien lanak ezagutarazteko", azaldu du.

Mizel Hiribarren Itsasuko auzapeza pozik agertu da agerraldian, eta ongietorria egin dio Irailekoak jaialdiari. "Harrotasunez hartzen zaituztegu. Agian, gure errekek, harriek eta herritarrek eskainiko dizuete oihartzunik sentikorrena. Gure plazak hor dituzue lehengo eta biharko olerki zahar eta berrien portu", esan du.

Bestalde, Itxaro Borda euskaltzain osoak egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu, eta nabarmendu du sarrera libre eta doakoa izango dela ekitaldi guztietara. Horrela, irailaren 28an, Ipar Euskal Herriko poesiaren nondik norakoak aztertuko ditu Katixa Dolhare-Zaldunbide irakasleak, Sanoki gelan. "Hitzaldi mamitsu eta zinez interesgarria izanen da", ziurtatu du.

Ondoren, Itsasuko Gaineko plazan, poesia irakurraldia izango da Anjel Erro, Maddi Sarasua eta Harkaitz Canorekin, Pantxix Bidarte musikariak girotuta. Arratsaldean, Munduko Poesia Kaierak egitasmoari emango zaio bide, emanaldi ibiltari batekin.

Egun berean, baina gauez, kontzertu bikoitza izango da, hain zuzen, Maddi Oihenart eta Jérémie Garatek eta Alidé Sansek emango dutena Itsasuko elizan. "Azpimarratu behar dut Alidé Sansek estreinakoz ematen duela kontzertu bat Euskal Herrian, beraz, beste aitzakia eder bat asteburu horretan Itsasura hurbiltzeko", gaineratu du.

Itxaro Bordak gogoratu du Irailekoak jaialdian euskal poeten lana gizarteratu nahi dela batez ere, beste bazter batzuetako poeten lana ahantzi gabe. Zentzu horretan, azaldu duenez, mintzaldi "interesgarria" emango du Sergi Javaloyes idazle eta itzultzaileak Itsasuko haurtzaindegian (Elizaldean), eta okzitanierazko literatura aztertuko du sakonki. Ondoren, irakurraldi elebiduna izango da toki berean, Aurelia Lassaca poeta okzitaniarraren eta Coralie Nazabal musikariaren eskutik.