Gasteizko Udalak kanpaina bat antolatu du Santiago eta Andre Maria Zuriaren jaiekin lotuta indarkeria matxista prebenitzeko, Berdintasuneko Udal Zerbitzuak ekainean martxan jarritako Libre Izan Nonahi udako kanpainaren baitan.
"Berdintasun Zerbitzuak lehentasuna eman dio genero indarkeriarekin lotutako prenbetzioari eta jarduerari. Herritarrei eskatu nahi diegu Santiago eta Andre Maria Zuriaren jaietan jokabide matxisten aurrean zero tolerantzia jarrera erakusteko. Denok berdintasunaren alde", adierazi du astelehen honetan Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak kanpainaren aurkezpenean.
Ordutegia
Horrela, asteazkenean, uztailaren 24an, Santiago egunaren bezperan, sentsibilizazio gunea instalatuko dute Aiztogile eta San Frantzisko kaleen arteko bidegurutzean, eta arreta eskainiko du 20:00etatik 00:00etara, ordu tarte hori izaten baita eremu horretan gazteen joan-etorri gehien eta inpaktu handiena izaten duena.
Andre Maria Zuriaren jaiei dagokienez, indarkeria matxistari aurre egiteko jarduketei eta prebentzioari buruzko informazioa jasotzeko gune morea Posta eta Independentzia kaleen artean egongo da, eta abuztuaren 4an 17:00etatik 23:00etara eta abuztuaren 5etik 9ra 18:00etatik 22:00etara funtzionatuko du.
Gerturatzen direnekin hizketan hasi ahal izateko asmoz, "tatuajeak", sakelako telefonoa eramateko poltsa iragazgaitzak, Andre Maria Zuriaren jaietako zapiak, motxilak, eskumuturrekoak, eranskailuak eta indarkeria matxistari eta horrekin lotutako baliabide batzuei buruzko informazioa duten liburuxkak banatuko dira.
Lopez de Uraldek ziurtatu duenez, Berdintasun Zerbitzuak modu aktiboan egin du lan bereziki udaltzaingoarekin eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin, indarkeria matxistarik gabeko Andre Maria Zuriaren jaiez gozatzeko aukera izan dadin.
Horrela, jaiegun horietan gerta daitezkeen erasoak prebenitzeko eta horien aurrean esku hartzeko jarduera plan espezifikoa du. Horri esker, gizarte larrialdietako udal zerbitzuek 24 orduz arreta bermatzen dituzte indarkeria matxistarekin lotutako prestakuntza duten langile espezializatuekin.
Berdintasuneko zinegotziak gogorarazi duenez, indarkeria matxista hainbat mailatan gertatzen da. "Ukituak, baimenik gabeko muxuak, hitz edo begirada iraingarriak ere indarkeria matxista dira. Sexu harremanak lortzeko larderia edo xantaia, irainak edo keinu LGTBIfobikoak. Horiek ere indarkeria matxista dira. Ez onartu eta ez izan jokabide matxisten konplizea. Indarkeria matxistarik gabeko jaien alde, Libre izan nonahi", nabarmendu du.