Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Euskaltzaindiak 'Euskararen normalizazioa eta normatibizazioa XXI. mendean' espezializazio diploma jarri dute martxan, UZEI eta Vicomtech erakundeen laguntzarekin. Euskararen normalizazioak eta normatibizazioak XXI. mendean izan ditzaketen nondik norako garrantzitsuenei buruzko "prestakuntza sendoa" eman nahi du espezializazio diploma berriak, etorkizuneko profesionalak sortzeko asmoz.
Bere sustatzaileen arabera, espezializazio diploma teoriko-praktikoa izango da eta irakasleak Euskaltzaindiaren eguneroko egitasmoetan ari diren euskaltzainak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak izango dira.
Euskaltzaindiak bere eginkizuna, egitasmoak eta horien gizarteratze lanak aurrera eramateko, profesional berriak erakarri eta prestatu nahi ditu, Akademiak sorreratik dituen bi sailetan jardun dezaten, hain zuzen, Iker Sailean (euskararen estandarizazioa xxi. mendean aztertzea da horren eginkizuna) eta Jagon Sailean (euskararen erabilera soziala sustatzea du helburu, horretan diharduten gainerako eragileekin batera lan eginez).
Euskararen normalizazioa eta normatibizazioa XXI. mendean espezializazio diploma bukatuta profesionalak gai izango dira arlo horietan orain arte egin den ibilbidea azaltzeko bere testuinguru sozialean eta historikoan egoki kokatuta, baita arlo horietako etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko eta horiei erantzuteko ere.
Besteak beste, hauek izan daitezke espezializazio diploma egiten duten pertsonen lanbideak: Euskaltzaindiaren egitasmoetako teknikaria (corpusgintza, lexikografia, dialektologia, onomastika, morfosintaxia, hizkuntza zuzenbidea, euskararen erabilera soziala); espezializazio diploman lantzen diren gaien arloko teknikaria erakunde publiko, pribatu eta elkarteetan; espezializazio diploman lantzen diren gaien arloko ikertzailea; euskara teknikaria erakunde publiko, pribatu eta elkarteetan.
Graduondokoa modalitate erdi presentzialean egingo da, eta ikastaroa 2024ko urriaren 1ean hasi eta 2025eko maiatzaren 23an amaituko da. Saio presentzialak astearte eta ostegun goizetan izango dira (10:00etatik 13:00etara), gehienak Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, Donostian. Euskaltzaindiaren diru laguntzari esker, matrikula merkeagoa izango da (3.150 euro).