Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) 500.000 euroko zuzkidura duen Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen deialdi bat argitaratu du aste honetan. Deialdiak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerri, koadrila eta mankomunitateei zuzendutako diru laguntzak arautzen ditu, eta berdintasun planak prestatzeko diagnostikoak, prestaketa lanak eta ebaluazioak egiteko behar den laguntza tekniko espezializatua ematea du helburu.
Hain zuzen, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak eta berdintasunerako ordenantzak prestatze lagundu nahi da diruz.
Proiektu bakoitzeko 15.000 euro emango dira gehienez 7.000 biztanletik behera dituztenen udalen kasuan, 7.500 euro 7.000 biztanletik gora dituztenen udalen kasuan -proiektua udalerri batek aurkezten badu-, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo 7.000 biztanletik behera dituzten udalerri multzo batek aurkezten badu.
Emakumearen euskal erakundea
Emakunde Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da, berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu, haien inguruan aholkatu, koordinatu eta ebaluatzen dituena, bai eta gizartea sentsibilizatzen duena ere, EAEko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko xedez.
Erakundeak bi jardute arlo nagusi ditu: alde batetik, administrazio publikoekin burututako lana, berdintasunaren aldeko egiturak sendotzeko eta politika publikoetan generoaren ikuspegia txertatzeko neurriak martxan jar daitezen bultzatzekoa; bestetik, gizartearekin oro har egiten duen lana, emakumeen ahalduntzea bultzatuz, enpresetan berdintasuna egotea sustatuz, emakumeekiko indarkeria prebenitzeko neurriak hartuz, diskriminazio kasuetan aholkularitza eta defentsa eskainiz, bai eta gizartea berdintasunaren alde sentsibilizatuz ere.