Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 78. Parez Pare jardunaldia egingo dute asteazkenean, maiatzaren 22an, Arkautiko (Araba) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Salerosketa, prostituzioa eta pornografia. Lotutako fenomenoen erronka zaharrak eta berriak izenburupean.
Oraingoan, antolatzaileek jakinarazi dutenez, giza eskubideen defentsan, zuzenbidean eta soziologian adituek gogoeta egingo dute gizakien salerosketak eta, bereziki, emakumeenak eta neskatoenak munduan izan duen bilakaeraz eta sexu esplotazioarekin duen lotura zuzenaz.
Andres Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak eta Malentxo Arruabarrena Akademiako Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendariak inauguratuko dute saioa, eta, jarraian, pertsonen oinarrizko eskubideei zuzenean eraso egiten dien eta, egunez egun, maila globalean, Interneten erabileraren gorakadaren ondorioz, gero eta pertsona gehiagori eragiten dien fenomeno horren azterketa sakonari ekingo diote.
Mabel Lozano idazle, zinema zuzendari, aktore eta aurkezleak hartuko du hitza lehenbizi. Sari ugari jaso ditu nazioartean emakumeen sexu esplotazioari buruzko istorioak kontatzen dituzten lanengatik, eta arazo horrek mundu digitalera migratu izanari buruz gogoeta egiteko tailerra gidatuko du.
Jarraian, Patricia Martinez de Musitu Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitate buruak moderatuko duen mahai-inguru batean, Leire Berasaluze EHUko Zuzenbide penaleko irakasle eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak eta Olaya Garcia Soziologian doktore eta Cisneros Kardinalaren Unibertsitate Zentroko irakasle titularrak ikuspegi akademikotik aztertuko dituzte sexu esplotaziorako gizakien salerosketaren fenomenoa eta prostituzioaren eta gizakien salerosketaren biktimekin egiten den esku hartze soziala.
Jaurlaritzak eta EHUk 2022an izenpetutako hitzarmenaren esparruan egingo da jardunaldia. Hitzarmenaren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia eta Kriminologiako Euskal Institutua elkarlanean aritzea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere.