Eusko Jaurlaritzak haurrei eta nerabeei arreta emateko 'Zeuk esan' zerbitzua indartu du. Adingabeei eta horien inguruko helduei informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dien zerbitzua 116111 telefono zenbakiaren bidez ematen da nagusiki, eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politiketako jarduneko sailburuak ostegun honetan iragarri duenez, maiatzaren 2tik aurrera "eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan" egongo da operatibo.

"Adingabeei zuzendutako baliabidea da, baina inguruan gauden pertsona helduak ere artatzen ditu: amak, aitak, beste senide batzuk eta profesionalak, rakasleak, jarduera ludikoetako begiraleak, medikuak eta beste batzuk. Zerbitzu baliagarria eta arina da, eta 2023an bakarrik 1.625 kontsultari erantzun zien", azaldu du.

'Zentzumen guztiak haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurka. Hautemate goiztiarra eta komunikazioa' jardunaldien baitan egin ditu adierazpenak Melgosak. Bilbon egin dira, Haur eta Nerabeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta

Alde horretatik, Melgosak nabarmendu du ezin dela amore eman haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren gaitzespenean. "Eskubide osoko pertsona horien aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa da. Eta, gainera, eraso horrek giza, gizarte eta ekonomia kostu izugarriak ditu", gaineratu du.

'Zeuk esan' zerbitzua haurrekin eta nerabeekin zerikusia duten gaietan espezializatutako profesionalek osatzen dute, eta orientazioa, aholkularitza eta informazioa ematen ditu. 116111 telefono zenbakira egiten diren deiak doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan. 116111 telefonoaz gain, zerbitzuak beste komunikazio kanal batzuk ere baditu: 'newsletter' bat, web orri bat (www.euskadi.eus/zeukesan) eta sare sozialetako profilak.

Bada, maiatzaren 2tik aurrera, telefonoak eguneko 24 orduetan emango du zerbitzua. Telefonoaren beste aldetik, psikologoek edo gizarte hezitzaileek adingabeei eragiten dieten era guztietako egoerei erantzungo diete, haiekin harremanetan jartzen direnak adingabeak izan edo horien inguruko pertsona helduak izan.

2023KO DATUAK

'Zeuk esan' zerbitzuak 1.248 pertsonak egindako 1.625 kontsulta artatu zituen 2023an. Pertsona horien %56 adingabeak izan ziren (697), %40 gertuko pertsona helduak (496) eta %4 profesionalak (55).

Adingabeen artean, kontsulta gehien 16 eta 18 urte bitartekoek egin zituzten (525, %72), eta nesken eta mutilen arteko proportzioa antzekoa izan zen (%51 gizonezkoak izan ziren). Helduen artean, eskaeren %61,5 gurasoek egin zituzten (339).

Gaiei dagokienez, adingabeek aipatu zituzten gaiak, besteak beste, ondoez psikologikoa (%35), berdinen arteko harremanak (%18) edo familia harremanak (%14) izan ziren; helduek, berriz, familia harremanei (%22), 'Zeuk esan' zerbitzuari (%18), ondoez psikologikoari (%15), berdinen arteko jazarpenari (%13) eta beste hainbat gairi buruzko kontsultak egin zituzten.