EITBk sortutako Makusi haur eta gaztetxoentzako euskarazko doako plataforma digital berria abiatuko da ostiralean apirilaren 26an. Komunitate digital berrian entretenimendua izango dute nagusi, euskaraz, eta etxeko txikienek modu seguruan biziko dituzte sareko esperientziak.

Makusik euskaran eta euskal kulturan murgiltzeko aukera eskainiko die haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko. Hala, kontsumo ohitura berrietara egokitzen jarraitu nahi du EITBk, baita haur eta gaztetxoen artean ere, astelehen honetan prentsa ohar bidez jakitera eman duenez.

Hain zuzen, Makusi unibertsoak bi zutabe nagusi izango ditu, plataforma digitala eta kluba, eta biak eskura izango dira datorren ostiraletik aurrera, doan, www.makusi.eus webgunean.

Horrela, Makusi doako plataforma digitalak haur eta gaztetxoentzako askotariko ikus-entzunezko eskaintza izango du, hala nola marrazki bizidunak, fikzioa, animazioa, telesailak, filmak eta ekoizpen propioak. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskainiko ditu, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakutsiko du. "Hartara, zerbitzu publiko gisa gizartea eraldatzeko apustu irmoari erantzuten dio beste behin EITBk", nabarmendu dute erakunde publikotik.

Plataforma berriaren jaiotzarekin batera, hiru saio propio estreinatuko ditu Makusik: 'Potx eta Lotx', txikienentzako pailazoen programa; 'Kalaxka', Aritz Mendiolak eta @anepe.acedo-k aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; 'Power Up', euskaraz sortutako fikzioa, bideo jokoaren mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena, eta Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte protagonista direla. Ostiralero eduki propio horien atal berri baten estreinaldia izango da Makusi plataforman.

Edukiak ikusteko nahikoa izango da erregistratzea, eta ohi bezala, plataforma berria eskuragarri izango da gailu nagusienetan: webgunean, gailu mugikor eta tabletetan (aplikazioa Google Play eta App Store denda birtualen bitartez jaitsita), eta EITBko hbbTV zerbitzuan (botoi gorria). Laster Smart TV telebistetan ere ikusgai egongo da (Samsung eta LG marketan) eta chromecast gailuan edo norberaren Android gailutik TVra cast egiten.