Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen esportazioak 2.624,2 milioi eurora iritsi dira otsailean, aurreko urteko hil berean baino %10,2 gutxiago, produktu energetikoak %5,3 hazi eta ez-energetikoak %11,3 jaitsi ondoren. Inportazioen kasuan, %3,0ko beherapena izan da, produktu ez-energetikoak %6,3 eta energetikoa %10,9 murriztu ostean. Merkataritza saldoa positiboa izan da, 507 milioi eurokoa, eta estaldura tasa %124,0koa, Eustat euskal estatisrika erakundearen datuen arabera.
Lurraldeka, Arabako esportazioak %17,1 gutxitu dira otsailean, Bizkaikoak %10,4 eta Gipuzkoakoak %2,4. Esportazio energetikoak %5,8 gehitu dira Bizkaian aurreko urteko hil beraren aldean.
Araban, kanporako salmentak garraio materiala (408,4 milioi, guztizkoaren %51,9) eta metalak eta beren manufakturak (133,8 milioi, guztizkoaren %17,0) sektoreetan bildu dira, eta %25,7ko eta %22,7ko atzerakada izan dute, hurrenez hurren.
Bizkaiaren kasuan, garraio materiala (%12,8), material, makina eta aparatu elektrikoak (%9,8) eta produktu mineral eta energetikoak (%4,9, 198,8 milioi esportatuta) sektoreek gorakada esportatzailea izan dute; aitzitik, atzera egin dute koipeak eta olioak (-%93,3), plastikoak eta kautxua (-%45,0) eta metalak eta horien manufakturak (-%11,5) arloek.
Gipuzkoan, nazioarteko merkataritzaren %77,9 muga zergen sekzioen hirukote batean bildu da otsailean, eta portaera desberdinak izan dituzte urte arteko alderaketan: material, makina eta aparatu elektrikoak (-%4,9), garraio materiala (+%30,3) eta metalak eta beren manufakturak (-%2,2).
Bestalde, Frantziak, Alemaniak, Erresuma Batuak, AEBek eta Italiak osatu dute otsailean EAEko bezero nagusien taldea, esportatutako guztiaren %51,9 bereganatuta (1.361,9 milioi euro). Horietako hiru EB-27koak dira, eta erakunde horrek esportazioen %61,4 bildu ditu.
Azkenik, EAEko inportazioen %57,7 EB-27tik heldu da otsailean, eta ondasunak hornitzen dituzten herrialdeen artean Alemania nabarmendu da, 405,4 milioi euroko transakzioekin. Frantzia (195,3 milioi), AEB (137,1 milioi), Italia (120,1 milioi) eta Herbehereak (87,8 milioi) datoz ondoren.