Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzue 'Gazte Sortzaileak' deialdia abiatu dute aurten ere, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta 18.000 euroko aurrekontuarekin. 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako sormen beka bat da, eta euskarazko kultur sorkuntza sustatzea du helburu.
Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak azaldu duenez, 'Gazte Sortzaileak' bekaren edizio berriarekin, euskararen erabilera sustatzeko duen konpromisoa erakutsi nahi du udalak. "Izan ere, azken hamar urteotan, 30 gazte baino gehiago baitira beren kultur proiektuak garatzeko eta prozesu horretan ikasteko aukera izan dutenak, Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuen laguntzarekin", nabarmendu du.
Horrela, hautatutako pertsonek 4.000 euro arteko diru laguntza eta sortze prozesu osoan alboan izango diren profesionalen aholkularitza izango dituzte. Beka onartzen dutenetik sei hilabeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko. Epealdi horretan, Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek proiektuen jarraipena egingo dute.
Bi kategoria daude, eskatzailearen adinaren arabera: bata 16 eta 24 urte bitartekoentzat eta bestea 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Gazteak banaka edo taldeka aurkez daiteke, eta proiektuek lotura estua izango dute ahozko adierazpenarekin eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izan behar dute helburu. Hainbat modalitatetako proiektuak izan daitezke, hala nola antzerki, bakarrizketa, poesia errezitaldi, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezko edo genero bat baino gehiago uztartzen dutenak. Formatu txikiko jarduerei emango zaie lehentasuna.
Interesdunek uztailaren 15era arteko epea dute lanak aurkezteko. Gasteizen edo Araban erroldatuta egon behar dute, eta lanak San Martineko bulego teknikoetan (erregistro orokorrean), gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke. 18 urtetik beherakoek aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.
2023KO EDIZIOA
Iaz 'Gazte Sortzaileak' beka irabazi zutenek laster aurkeztuko dituzte jendaurrean beren proiektuak. Horrela, apiril honetan, Aitziber Jimenez de Aberasturiren 'Ogi beltza' podcasta entzun ahalko da, eta Mitxel Elortzak maiatzaren 15etik aurrera plazaratuko du 'Aneren abenturak' mahai jokoa.
Marta Berganzok 'Gure Kutxa' antzezlana estreinatuko du ekainaren 29an Salburua gizarte etxean, eta Nefer Olaizolak, azkenik, bere performancea aurkeztuko du irailaren 15ean Labe Gazte Laborategian.