Europa Kongresu Jauregian egin dute Hiretu Hiria-Hobetuz Gazte jaia. Bertan, 339 parte-hartzaileek Vitoria-Gasteiz hobetzeko landu dituzten proiektuak azaltzeko aukera izan dute. Proposamenak osasunarekin, jasangarritasunarekin, ingurumenarekin, hiriarekin eta herritarren ongizatearekin lotutakoak dira.

Hitzordu horretan izan dira Maider Etxebarria alkatea, Gazteria Saileko zinegotzi Ana López de Uralde; Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Miren Fernández de Landa; eta Udalbatzako kideak.

Jai horretan, ikastetxe hauetako ikasleek aurkeztutako proposamenen artean, boto gehien eskuratu dituzten 19 proposamenak ezagutu dituzte: Koldo Mitxelena, Zabalgana, Mendebaldea, Ekialde, Lakua, Inmaculada Concepción, Nazareth, Sansomendi eta Corazonistas-Jesusen Bihotza.

Herritarrek boto gehien (2.310 bototatik % 26) emandako proposamena izan da ‘K.M. Mentala’, Koldo Mitxelenako DBHko 3. mailako G gelakoa. Proiektu horrek eskuratu du Hiretu-Hiria 2024 saria eta parte-hartzaileek Sobronera txangoa egiteko aukera izango dute horri esker. Proiektu horren arabera, gazteei buru-osasunarekin lotutako arazoak identifikatzen eta horiei aurre egiten lagunduko dien kanpaina garatuko da.

Alkateak parte-hartzaileen inplikazioa azpimarratu nahi izan du. “Udalak zuen parte-hartzea eta erabakiak hartzeko gaitasuna bultzatu nahi du. Gertu-gertutik ezagutu nahi ditugu zuen proposamenak. Zuen ikuspegia oso baliotsua iruditzen zaigu udal-politikak gazteengana irits daitezen eta gazteek dituzuen aurreikuspenak ere bete ditzaten”.