Síguenos en redes sociales:

bioGUNEk eta biomaGUNEk 'Zientzia eta Berrikuntza' mahai ingurua antolatu dute asteazkenean alderdi politikoekin

bioGUNEk eta biomaGUNEk 'Zientzia eta Berrikuntza' mahai ingurua antolatu dute asteazkenean alderdi politikoekin

BRTA Basque Research and Technology Alliance sareko kide diren CIC bioGUNE eta CIC biomaGUNE ikerketa zentroek 'Zientzia eta Berrikuntza' mahai ingurua antolatu dute asteazkenean, martxoaren 20an, Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio campusean, azken legealdian Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izan duten alderdi politikoek parte hartzearekin. Helburua da apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako programetan alderdiek gai horri buruz jasotzen dutena ezagutzea.

Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, solasaldian izango dira Estibaliz Hernaez (EAJ), Lore Martinez Axpe (EH Bildu), Denis Itxaso (PSE-EE), Victor Lasa (Elkarrekin Podemos-IU) eta Muriel Larrea (PP). Voxek uko egin dio mahai inguruan parte hartzeko gonbidapenari.

Mahai ingurua 10:30ean hasiko da, Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio campuseko egoitza eraikineko ekitaldi aretoan, eta publiko gisa gonbidatuta daude Basque Research & Technology Alliance sarea osatzen duten 17 ikerketa zentroetan ikerketa jarduera gauzatzen duten kideak eta hurrengo hauteskunde hitzorduari begira alderdi politikoen zientzia eta berrikuntzari buruzko planak ezagutu nahi dituzten guztiak.

Jose M. Mato CIC bioGUNEko eta CIC biomaGUNEko zuzendari nagusiak moderatuko du saioa, eta bi esku hartze txanda izango ditu -lehenengoa bost minutukoa eta bigarrena hiru minutukoa, alderdi bakoitzarentzat-. Esku hartzeko bi txandak amaitzean, moderatzaileak bertaratutakoek aldez aurretik idatziz egindako zenbait galdera egingo ditu. Galdera berberak izango dira bost alderdietako ordezkarientzat.