Vitoria-Gasteizko Udaleko osoko bilkurak behin betikoz onartu du hiri izaera duten bide publikoetan Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI) erabilerari, zirkulazioari, trafikoari eta segurtasunari buruzko araudia hobetzeko udal-ordenantza aldatzea. Gasteizko Udalbatzak hasierako onarpena eman zion araudi berriari PSE-EE, EAJ-PNV eta Alderdi Popularra taldeek adostutako akordio politikoari esker. Alegazioak aurkezteko aldian, ibilgailu elektrikoak erabili ahal izateko gutxieneko adinarekin, zehapen-erregimenarekin eta argiztapeneko zehaztapenekin lotutako hiru proposamen tekniko gehitu dira.
Azken izapidetze horren ondoren, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta, jarraian, indarrean sartuko dira mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek bide publikoa erabili ahal izateko baldintza berriak. Arau berri honi esker, txirrindularientzako bide esklusiboetan edo partekatutako bizikleta-bideetan zirkulatzeko baimena izango dute. Bestalde, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek debekatuta izango dute edozein ordutegi-tartetan espaloietan, oinezkoentzako espazio guztietan eta oinezkoentzako erabilerarekin partekatutako bizikleta-bideetan zirkulatzea.
Beste hainbat alderdi aipagarriz gain, araudi berriak ezarritakoaren arabera, MPI batekin espazio publikoan zirkulatu ahal izateko gutxieneko adina 15 urtekoa izango da. Uneoro derrigorrezkoa izango da kaskoa erabiltzea, eta ilunabarraren eta egunsentiaren artean, eta ikusgarritasun baxuko baldintzatan argiak piztuta izatea. Ezingo da mugikortasun pertsonaleko ibilgailuekin zirkulatu telefono mugikorra eskuz erabilita edo soinu-erreproduzigailu bati lotuta dauden aurikularrekin.
Araudi berriak ezarritakoaren arabera, gainera, debekatuta egongo da ezarritakoak baino handiagoak diren alkohol-tasarekin zirkulatzea eta derrigor izan beharko dira homologatutako argiak eta txirrina.
“Araudi ona lortu dugula uste dugu. Presazkoa zen patinete elektrikoen erabiltzaileei segurtasun handiagoa emango dien eta oinezkoentzako eremuen eta espaloien oinezko erabileraren esklusibotasuna bermatuko duen tresna bat izatea”, azpimarratu du Segurtasunaren eta Trafikoaren zinegotziak, Iñaki Gurtubaik.
Ordenantzaren aldaketa indarrean sartzen denean, Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuentzako arau berriei buruzko informazio-kanpaina handia egingo dute. Eta, horren ondoren, Udaltzaingoaren zehapen-protokoloa indartuko da.