Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak oniritzia eman dio euskal unibertsitate publikoaren 2024ko aurrekontuari, unibertsitateko gobernu kontseiluak otsailaren 22an onartutako proiektua eta proiektu horri buruz Gizarte Kontseiluko Ekonomia eta Finantza Batzordeak egindako txostena aztertu ondoren. Horrela, EHUk 531 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, 2023an baino %7,3 gehiago.
EHUko iturriek jakinarazi dutenez, 466,1 milioi euro aurrekontu arruntari dagozkio, 39,4 milioi programa kontratuei, 25 milioi inbertsioetarako urte anitzeko planari eta 0,45 milioi Gizarte Kontseiluari (azken ekitaldietako kopuru bera). Guztizko diru sarreren ia %91 jasotako transferentzia arrunten baturari dagokio; transferentzia horietan tasak eta beste diru sarrera batzuk sartzen dira (adibidez, zerbitzuen salmenta). Bestalde, jasotako kapital transferentziek diru sarreren % 8 emango dute.
Erkidegoko aurrekontuak
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitate publikoaren diru sarreren %73 inguru erkidegoko aurrekontu orokorretatik dator, %8,4 tasa akademikoetatik eta beste %18,7 unibertsitatearen jardueratik eratorritako diru sarreretatik.
Atalkako azterketan, aurtengo gastuaren zati nagusia langileria gastuetara bideratuko da: 387 milioi euro (ia guztizkoaren %73, aurreko ekitaldiko %77aren aldean). Langileen gastuen saila 15,3 milioi euro igo da azken urtean, hau da, urtean %4,12. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta gehikuntzarik handiena izan duen atala inbertsio errealena izan da, 20 milioi euroko gehikuntzarekin.
Aurrekontu berriko proiektuak
Hala, aurrekontu berriko proiekturik aipagarrienetakoa azpiegiturak hobetzeko 32 milioi euroko saila da. Kopuru horretatik, 25 milioi Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak Bilbon izango duen eraikin berrirako izango dira. Azpiegitura hori 2023an hasi zen eraikitzen, 3,5 milioi eurorekin. Guztira, proiektuak 62 milioi euroko aurrekontua du, 2023tik 2026ra bitarte.
Gainera, EHUko Azpiegiturak Hobetzeko Urte Anitzeko Plan Bereziari lotutako hainbat inbertsio proiektatu dira, besteak beste, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta eraikinen segurtasuna. Era berean, bost milioi euroko inbertsioa aurreikusi da Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berria ezartzeko kostu gisa.