Vital Fundazioak antolatzen duen 'Astearte Musikalak' zikloaren 34. edizioa amaituko da asteartean, martxoaren 12an, Spanish Brass ganbera taldearen emanaldiarekin. Kontzertua Vital Fundazioa Kulturunean izango da, Gasteizen, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Carlos Beneto eta Juanjo Serna tronpeta jotzaileek, Manolo Perez tronpa jotzaileak, Indalecio Bonet tronboi jotzaileak eta Sergio Finca tuba jotzaileak '(a) LIVE' aurkeztuko dute, Leonard Bernstein, Charles Chaplin, Isaac Albeniz, Manuel de Falla edo Joan Manuel Serraten obrak barne hartzen dituen proiektua.
Spanish Brass taldeak 35 urteko ibilbidea du eta 2020an Espainiako Musikaren Sari Nazionala jaso zuen Interpretazio modalitatean. Musika jaialdi garrantzitsuenetakoetan parte hartu du eta mundu osoan zehar birak egin ditu.
Boskoteak 32 lan diskografiko argitaratu ditu eta, kontzertuen jarduerarekin batera, metal instrumentuei eskainitako nazioarteko bi jaialdi antolatzen ditu: Spanish Brass Alzira Jaialdia eta Brassurround Jaialdia. Urtero, nazioarteko bakarlari nahiz talde ospetsuak biltzen dituzte, baita nazioartean ospe handiena duten metal irakasleak ere.
Spanish Brass taldearen azkenaurreko proiektua '(a) LIVE', eta, 2020an pandemiak erahindako itxialdiaren ondoren, taldea izenburu hori duen kontzertuarekin itzuli zen agertokietara. Gerora CD bihurtu den ikuskizunari emandako izenak taldeak publikoarekin zuzenean berriz elkartzeko zuen beharrari egin zion erreferentzia, eta, beste alde batetik, kulturaren biziraupenaren aldeko aldarrikapena ere bada.
Kontzertua 19:30ean hasiko da eta sarrerak 8 euroan eros daitezke Vital Fundazioaren egoitzan, www.fundacionvital.eus webgunean eta aretoko leihatilan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, sarrerarik salgai balego.